Aizkora
Bizkaiko Irekian finalerdietarako azkeneko txartela izango da jokoan
J.L. | DONOSTIA
Bizkaiko Irekian finalerdietan izango diren azkeneko bikoen izenak jakingo dira. Bihar eguerdian, 12.00etan, Udondon, Leioan, izango da saioa. Bertan, Rekondo eta Zubiaga, Atutxa II.aren eta Arria V.aren aurka neurtuko dira.
Multzo honetan ez dago ezer erabakita. Rekondok eta Zubiagak irabazten badute, finalerdietan izango dira Mendietarekin eta Peñagarikanorekin batera. Aldiz, galtzen badute, hiru bikoak berdinduta geratuko dira eta denborak hartuko beharko dira kontuan. Beste multzoan, Garitaonaindia-Larretxea eta Aldape-Arrospide sailkatuta dira.
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko dute Lezan etzi 12.00etan hasita, baina ez dauka garrantzirik, dena erabakita baitago. Etxebeste, Txapartegi eta Arrospide izango dira nor baino nor.