GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gutun bat jaso dut

Atzo irakurri nuen. Mendeko gutuna. Badoa Josu Jon Imaz. Badoa bere alderdiaren eta, oro har, euskal gizartearen aldeko sakrifizioa eginda. Orain Egibarren txanda dela adieraziz ote?

Irakurri nuen gutuna eta bat nator Imazekin hainbat kontutan. Esate baterako, herri nortasun guztiek elkarrekin bizi behar dutela, herri honen etorkizuna denon artean eraiki beharra dagoela, desberdinen arteko akordioak beharrezkoak direla eta horretarako guztirako herritar guztien borondate demokratikoak izan behar duela oinarri. Eta nik ere hala uste dudanez, ez dut ulertzen espainiar alderdi nagusiek euskal gizartearen hausturaz diotena, euskaldunei zer-nolako antolaketa nahi duten galdetzea eragingo lukeen hausturaz diotena, alegia. Ez naiz aditua eta beharbada horregatik ez dut ulertzen zer dela-eta Imazek bere gutunean aldarrikatutako euskal herritarron borondate horrek Estatu espainolarekiko aldez aurreko akordiorik behar duen. Ez baita inola ere onartzeko modukoa Estatu horrek erabakitzea edo harekin adostu behar izatea euskal herritarron borondate hori norainokoa izan daitekeen. Harako haustura saihestearren, diote, «gehiengo nazionalista baten inposizioa» ekarriko omen luke-eta. Gutxiengo «ez-nazionalista» baten inposizioak ez dakar gizartearen hausturarik, antza. Hori egoera normala da, jakina.

Bitxia gertatu zitzaidan, azkenik, gutunean herri baten modernizazioa burujabetzari uko egiteari loturik agertzea. Zeren, ulertu dudanez, estatu-nazio, burujabetza eta independentzia kontzeptuen aldaketa haien esanahia meheagoa bilakatzean baitatza. Beharbada ez naiz modernoa -eta horregatik gogoko ditut gutunak-, baina nazioari edo subiranotasunari uko egiteak ez du zerikusirik herri moderno bat eraikitzearekin. Eta, egia esan, mundu honetako «herrialde moderno» gehienek -antigoalekoa ni- ez didate usain onik ematen. Gainera, hara, horiexek dira beren burujabetzari sendoen eutsi eta, bide batez, besteenaz jabetzen direnak.

Badoa Imaz eta ez dakit haren alderdiaren zuzendaritzak sobera zuenentz, baina oraindik, izan, gauza asko ditu sobera. Horiek ezkutatzen saiatuko da, baina berdin-berdin izango ditu sobera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo