Xabier Silveira Bertsolaria
Bada garaia, presoak etxera
Orain arte iragan igandean Donostiako Bulebarrean izan ziren istiluek bete dituzte gaiaren inguruan idatzi eta hitz egin direnak. Bertze behin ere ilargia erakusten duen hatzari so gara herri honetan, ordena publikoa hautsi nahi eta zaindu nahi zutenen arteko liskar soil bat bailitzan Donostian gertatutakoa. Madrilen sorgin ehizarako espresuki dauzkaten exorzistek egin behar izan gabe, EAJ-PNVren zipaioek debekua ezarri zioten azken hogeita hamar urteetan arazorik gabe egin ahal izan den manifestazioari. Balzak agindu eta bere ertzain guardia zibil ohiek gauzatuta. Betikoa. Hain betikoa, manifestarien eskakizunak betikotzen dituela.
Ordu beretsuan, edo pixka bat lehenago agian, Arantzazuko basilikan Miren Azkaratek Ibarretxe EAEko lehendakaria ordezkatzen zuen ardoa edan eta -ostiak Donostian jango zituztenez- ogi bedeinkatua jatearen zereginean. Horrelako festa giro goxoak suertatzen zaizkion aldiro gertatzen zaion zorigaizto berberarekin, zerua eskuaz uki daitekeela sinesgarri egiten duen leku santu hartan, gure Mirentxuren mojita onaren aurpegia asaldatu egin zen une batez, ai ama!, amonatxo baten begiratua, deserosotasuna sor dakiokeen gaizkilearen ipurdia estutu balitz bezala. Etxerat-eko talde berezietakoak ziren, oso arriskutsuak denak, beraien senideen egoera tamalgarriaren berri ematen zuen txosten batekin armatuta. Lixibaz garbitu omen zituen gero eskuak, bi aldiz, bere hatzamar xuabeek ukitu berri zuten paper pila haren desinfekziorako. Han ere, ilargia behatz puntan.
Errango nuke Azkarateñoak eta Donostian ziren Baltzek irakurri nahi ez zutenak mezu berbera zuela: presoak hiltzen ari dira! Politikariak beren mahai-jokoetan entretenitzen diren bitartean, dispertsio politikak diseinatu zutenean sortu nahi zuen samin guztia eta gehiago sorrarazten jarraitzen du.
Gomazko piloten ubeldurak kolore gama desberdinetan zehar bidaiatzen duten bezala bidaiatzen dute euskaldunek Espainia zein Frantziako presondegietan barna. Josu Jon Imazen agurraren inguruan idatziko diren lerro eta lerro guztien artean eta atzean ikustezin jarraituko dute, elektrogailuek eskaintzen diguten aisialdi hain galduezinaren beste aldean.
Bada garaia. Garaia da presoen afera lehentasunetan lehena izatera itzultzeko. Ordua da, azkenekoz, presoak Euskal Herrira ekar ditzaten gizarte osoa mobilizatzeko. Denak. Horretarako, beti bezala, eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea da dagokiguna, kontuan hartuta inoiz baino tresna gehiago dauzkagun garaia dela edozein zokotaraino gure gorrotoa eta malaostia helarazteko. Inor ez da jaiotzen gasolina, azido sulfurikoa eta klorato potasikoa botila berean egokitzean gertatuko dena jakinda, Euskal Herrian ere ez. Baina egungo gazteak sagua eta teklatuarekin duten erraztasunak alderantzizkoa pentsatzera eramaten du. Badute zertan saiatu. Denok dugu gure tokia, presoek ere bai. Eta hori, etxean dute.