GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai giroa nagusituko da heldu diren egunetan Antsoainen

Arratsaldeko 18:00etarako minutu eskas falta zirenean, jai giroa nagusi zen Antsoaingo Udaletxeko Plazan. Herriko Kirol Elkarteko presidente Jose Gonzalezek suziria bota zuenean, ekitaldia ikustera hurbildu ziren 2.000 bizilagunak pozez zoratu ziren. Orain, Antsoaindarrek herriko jaietaz gozatzeko denbora anitz izango dute, festek igandea arte iraungo dute-eta. Bi egitarau izanen dira: ofiziala eta Gure Gunea herri ekimenak antolatutako egitarau alternatiboa.

p022_f00_148x139.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Urte osoan itxaroten egon ostean, azkenean hasi dira Antsoaingo festak. Atzo, arratsaldeko 18:00etan herriko Udaletxe Plaza jendez gainezka zegoen (2.000 pertsona inguru), jaiei hasiera emango zien suziria noiz botako itxaroten. Azkenean, Antsoaingo Kirol Elkarteko presidente Jose Gomenezek bota zuen txupinazoa. Era honetan, Udalak omenaldi txiki bat egin nahi izan zion Elkarteari. Gomez oso pozik ageri zen suziria bota ostean. «Kirol Elkartea, Antsoaingo lehen elkarteetako bat izan zen, eta uste dut herriko festei hasiera ematen utzita, Udalak nolabait Elkarteak urteotan egin duen lana eskertu nahi izan duela», adierazi zuen presidenteak.

Dena dela, aurtengo txupinazoan ikurrina osagai garrantzitsua izan zen. Suziriak eztanda egin baino 10 minutu lehenago, ikurrina jarri zuten Udaletxeko balkoian, eta han egon zen ekitaldi osoan. Gainera, bizilagun askok eraman zituzten ikurrinetaz gain, Udaletxeko Plazan ikurrina erraldoi bat ikusgai izan zen.

Egitarau ofizialari dagokionez, bihar goizeko 9:00etan nesken txarangak ibilaldia egingo du herriko kaleetan barna. 10:30ean, umeentzako jokoak egonen dira Lapurbide plazan Triki Toro taldearekin, eta 17:00etan haurrei Erdizka Lauetan euskarazko ikuskizuna egingo dute leku berean. Arratsaldean, 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Berrian dultzaineroarekin eta txistulariekin, eta ondoren gazteek askaria jango dute Lapurbide plazan. Ordu erdi geroago, herriko haurrek Zelaia parkean gurpilezko zezenekin eta japoniar lehergailuekin jolasteko aukera izango dute.

Aurreko urteetan bezala, gaueko 22:00etan zezensuzkoa aterako da Zelaia parkean, eta 45 minutu geroago su artifizialek gauari argia eta distira emango diote. Su artifizialak, Oscense pirotekinak botako ditu Udaltxeko Plazatik. 23:00etan, berriz, Senegalgo Kora Baletak kalejira egingo du herriko kaleetatik. Eguna amaitzeko, 24:00etatik 3:30etara dantzaldia izanen da Alberti plazan Scala 2.000 orkestrarekin.

Egitarau alternatiboa

Urtero legez, Gure Gunea txosnetako batzordeak, parte-hartzeko jaiak sustatu nahi eta An- tsoaingo jaietako egitarau alternatiboa antolatu du. Egitarau horretan hainbat ekimen eta ospakizun izango dira: break dance, kontzertuak, erakustaldiak eta xake lehiaketa, besteren beste. Bihar, 21:30ean gazte afaria izanen da, eta 22:00etan Antsoaingo IV. Rock and Roll musika jaialdia egingo dute Txosnetan. Jaialdian, Deskontrol, Banda Batxoki, Lingua Mortis eta Egurre taldeek izango dira.

Gainera, Nafarroa Kaleko Auzokide Bandak Antsoaingo jaietako I. Kalimotxo Lehiaketa antolatu du. Txapelketa larunbatean egingo dute, 11:00etatik 15:00etara, eta bertan herriko 12 tabernek parte hartuko dute. Epaimahaia, Auzokide Bandako bi kideek, herriko bizilagun batek eta Lehenda- karis Muertos taldeko musikariek osatuko dute. Txapelketan, edariaren zaporea, tenperatura eta aurkezpena neurtuko dira.

ikurriÑa anitz

Atzoko txupinazoan ikurrina asko agertu ziren Antsoaingo Udaletxe Plazan. Udaletxeko balkoian ikurrina izan zen ekitaldi osoan, eta Plazan bizilagunek ikurrina erraldoi bat atera zuten

kalimotxoa

Nafarroa Kaleko Auzokide Bandak jaietako kalimotxo lehiaketa antolatu du. Epaimahaiak 12 tabernetako kalimotxoen tenperatura, aurkezpena eta zaporea neurtuko du

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo