GARA > Idatzia > Alaves

Cadiz da hurrengo aurkaria

Josu Uribek jokalari guztiak erabil ditzake lehen aldiz

Lau partidatan 21 jokalari ezberdin izan dira titular eta Alberto Morgado ere taldekideekin ari da jada

p042_f01_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Denboraldian lehendabiziko aldiz, lehen taldeko 24 jokalariak bere aginduetara izan zituen atzokoan Josu Uribek Ibaian egindako entrenamenduan. Alberto Morgado gaztea izan da heltzen azkena, Munduko Hamazazpi Urtez Azpiko Txapelketan txapeldunorde geratu ostean. Aparteko prestakuntza berezia egiten ari den arren, larunbatean jokatzeko moduan egon liteke entrenatzaileak hala nahi izanez gero, baina ez dirudi hala gertatuko denik.

Arazo fisikoak izan dituzte David Aganzo eta Raul Sanchez aurrelariek eta orain erabat osaturik daude. Beraz, iragan astean baino zailago izango du Gijoneko teknikoak deialdia egiterakoan, oraindik ez baitu talde egitura sendoa osatu. Hasieratik titular eta ordezkoen artean desberdintasun handiegirik ez dagoela esan izan du beti entrenatzaileak -Aganzoren salbuespenarekin- eta zenbakiek ideia hori berresten dute. Izan ere, Alberto Morgado izan da ligako hiru partidak eta kopakoa kontutan hartuta, minuturik izan ez duen jokalari bakarra. Gainera, minutuak izan dituzten 23 jokalarietatik 21ek jokatu dute partidaren bat hasierako hamaikakoan, denak Gabri eta Raul Sanchez izan ezik, min hartuta egon dena.

Larunbateko partidara begira ere, oso litekeena da aldaketa dezente egotea. Uribek ez du batere gustuko asteburuan erabiliko duen taldea aurretiaz erakustea, baina azken egunetan egindako saioetatik ondoriozta daiteke oso litekeena dela Sevillan erabilitako defentsako lau gizonek, Edu Alonso, Gaspar, Pablo Casar eta Tarantinok, Cadizen aurka errepikatzea.

Euskarri postuek sortzen dute zalantza gehien. Bertan Astudillo kapitainak ere ez dauka postu finkorik eta Lacenekin, Natxo Garrorekin eta Sergio Rodriguezekin batera bi titular postu borrokatu beharko ditu argentinarrak.

Beste alde batetik, beraien aurretik jokatuko duen hiruko lerroko berrikuntza nagusiena Wellington Paulista itzultzea izan daiteke, aurreko jardunaldian zigorra bete ostean. Brasildarraren alboetan Samuel izango da eskuinean eta Toni Moral ezkerrean. Aurrelari gisa David Aganzo madrildarrak jokatuko duela dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo