TXAPELKETA | Emakumeen Saria
Maria Gallastegik aurreneko ekitaldia erdietsi du
Eibarko txirrindularia erregularrena izan da eta horrek garaipena eman dio. Pascual madrildarra menderatu du bi puntugatik bakarrik; Murillo hirugarren sailkatu da eta Mujika laugarren
Unai IRARAGORRI | BILBO
Maria Gallastegik GARAren Emakumeen Sariko lehendabiziko ekitaldia irabazi du. Txirrindulari gipuzkoarrak Gema Pascual menderatu du. Hain zuzen, bi puntuko aldea atera du eta garaipena lortu du.
Guztira, 18 txirrindularik puntuak batu dituzte hamar lasterketatan: Balmasedan, Ordoñanan, Lizarran, Atallun, Durangon, Iurreta-Emakumeen Biran, Euskadiko erlojupeko txapelketan, Tafallan, Zizurkilen eta Sopelan.
Gainera, Euskal Herriko talde guztiek hartu dute parte; Bizkaia-Panda, Debabarrena, Iruña Construcción, Tolosa eta Modus Vivendi multzoen emakumeek puntuak lortu dituzte.
Gallastegi errugularrena izan da Emakumeen Saria txapelketan eta horregatik saria erdietsi du. Izan ere, Balmasedan eta Euskadiko erlojupeko txapelketan gailendu zen; bigarren sailkatu zen Lizarran; hirugarren Tafallan; eta seigarren Atallun.
Pascualek, berriz, jauzi nabarmena eman zuen Iurreta-Emakumeen Biran. Aurretik, Ordoñanan nagusitu zen, baina beste puntu guztiak Biran pilatu zituen; saio bat eskuratu zuen eta talde euskaldunetan onena izan zen beste bi etapatan.
Lehia polita izan da probetan eta Gallastegik bakarrik errepikatu du garaipena, Balmasedan eta Euskadikoan. Pascual Ordoñanan gailendu zen; Wood Lizarran; Olaberria Atallun; Pucinskaite Durangon; Ljungskog Biran; Elorriaga Tafallan; Garcia Zizurkilen; eta Perez Sopelan.
Nazioarteko partaideak
Atzerriko partaideak izan dira eta eta goi mailakoak, gainera. Esaterako, Wood australiarrak Lizarran erakutsi zituen dohainak, Pucinskaite lituaniarra -gero, Italiako Giroa irabazi zuen- Durangon nagusitu zen eta Ljungskog suediarra Biran. Azken horretan, munduko txirrindulari onenak aritu ziren, eta Vos herbeheretarrak, Kupfernagel alemaniarrak, Troldi italiarrak eta Pascual espainiarrak etapak poltsikoratu zituzten.