GARA > Idatzia > Euskal Herria

Senaturako hautagaitza erretiratzeko bost baldintza jarri dizkio NaBaik Tuñoni

Nafarroako Parlamentuak gaur aukeratuko du herrialde horrek Senatu espainolean izango duen ordezkaria; hautagaitza kentzeko baldintzak jarri dizkio NaBaik UPNren, PSNren, IU-NEBen eta CDNren hautagaiari.

p015_f02_097x080.jpg

GARA |

Senatu espainolerako NaBairen hautagai Jose Maria Blanzakok atzo iragarri zuen bere hautagaitza bertan behera utziko duela baldin eta Javier Tuñonek - UPNren, PSNren, IU-NEBen eta CDNren babesa duenak- bost konpromiso onartzen baditu. Blanzakok agerraldia egin zuen atzo Patxi Zabaleta eta Maiorga Ramirez NaBaiko buruzagiekin, eta hirurek nabarmendu zuten gaur bertan Parlamentuan aukeratuko duten senatariak «Nafarroaren eskubideak defendatu» behar dituela.

Alde horretatik, senatari karguak duen garrantzia eta eskatzen duen «konpromisoa» aipatu zituzten bereziki, eta, konpromisoez hitz eginda, bere hautagaiarenak zehaztu zituzten hedabideen aurrean.

Blanzakok berak aipatu zuen bere lehen konpromisoa Konstituzio espainoleko laugarren xedapen iragankorra bertan behera geratu dadin ez onartzea dela, eta, bigarrena, Nafarroaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko harreman politikoak berrindartzea.

Amejoramendua «egokitu»

NaBaiko hautagaiaren hirugarren konpromisoa da «Amejoramendua egungo beharretara egokitzearen alde egitea» eta «nafarren erabakitze eskubidea» babestea. «Nafarroaren eskuduntzak» defendatzea Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegiteen aurrean, eta eskuratzeke dauden transferentziak aldarrikatzea izan ziren Blanzakok hartutako beste bi konpromisoak.

Hori esanda, NaBaiko kideak konpromiso horiek guztiak bere egiteko galdegin zion Tuñoni, eta, hala eginez gero, bere hautagaitza bertan behera utziko lukeela iragarri zuen.

«Betebehar demokratikoa da publikoki norbere asmoak adieraztea, eta hautagaien jarrera politikoa azaltzea», esan zuen, eta nabarmendu zuen legealdi honetan Nafarroari eragingo liokeen «aldaketa konstituzional» bat gerta litekeela.

parlamentua

Nafarroako Parlamentuak gaur aukeratuko du Senatu espainolean herrialdeak izango duen ordezkaria. Seguruenik Javier Tuñon hautatuko dute, talde gehienen babesa duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo