GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Antton Izagirre, M. Aristegi, E. Compains, S. Martínez, M. Irastortza, R. Iriarte, M. Muñoa Nazio Eztabaida Guneko kideak

EH'07: Etorkizun aske baterako eztabaida

Gaur bederatzi urte Euskal Herriko dozenaka indar sozial, politiko eta sindikalek urrats handia eman zuten gure herriko historian, Lizarra-Garaziko itunaren izenpetzearekin

Asteartea. Irailak 18. Horixe dugu gaurko eguna. Goizean esnatu eta jaikitzerakoan herritar askori oharkabean pasa izango zaion arren, edota egutegian gorriz markatua ez datorren arren, gaurkoa ez da nolanahiko eguna, edo ez luke izan behar. Gure herriko etorkizunaz arduratuta gauden herritarrontzat oroitzeko data da gaurkoa. Izan ere, gaur 9 urte Euskal Herriko dozenaka indar sozial, politiko eta sindikalek urrats handia eman zuten gure herriko historian, Lizarra-Garaziko itunaren izenpetzearekin.

Itunaren izenpetzeak berak aro berri baten hasieraren eszenifikazioa suposatu zuen, Euskal Herriaren eraikuntza eta gatazka politikoaren konponbidea helburu, euskal herritarron hitza eta erabakiaren defentsan oinarri nagusia zuena. Ordurarte nagusi izan zen abertzaleon arteko inkomunikazioa eta bazterketatik elkarlan eta kolaboraziorako bidea egiteko abiapuntua finkatzen zuen. Autode- terminazioa eta lurraldetasuna ardatz izanik nazio eraikuntzan urrats kualitatiboak emateko abiapuntua izan zen.

Urrats kualitatibo garrantzitsuak eman ziren hilabete haietan ezbairik gabe. Urratsak nazio eraikuntzan, Bai Euskarari akordioa adibide garbi gisa, urratsak nazio honen egituratze instituzionalean, Udalbiltza, Euskal Herriko lehen nazio instituzioaren sorrerarekin. Ordukoak ere urratsa suposatu zuen gatazkaren konponbide demokratiko baten alde. Orduz geroztik aski finkatua baitago Euskal Herrian gatazka politiko bat egon badagoela, gatazka horrek konponbide politiko demokratikoa eskatzen duela eta konponbidea Euskal Herriari hitza eta erabakia ematetik pasatzen dela.

Garai hartan ireki zen aukerak ere ez zuen nahi genukeen emaitza positiboa eman, baina zorionez hurrengo urteetan, zailtasunak zailtasun, herri sektore zabalen arteko elkarlan hori gauzatuz joan da, baita momentu zailenetan ere, uzta oparoa utzi duelarik: euskararen ofizialtasunaren alde garatutako lanean, euskal curriculum edota euskal unibertsitate berri baten aldeko lankidetzan, euskal selekzioei hauspoa ematen, Udalbiltzak emandako urrats ezberdinetan, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaren sorrerarekin, Nazio Eztabaida Gunea beraren sorrerarekin, gatazkaren konponbide demokratikoa aldarrikatuz egindako elkarlana, Oinarrizko Hitzar- men Demokratikoaren baitan finkaturiko oinarrien aldeko jardueran... Honek guztiak eta gure nazioak jasaten duen egiturazko zapalkuntzak agerian utzi du egungo marko juridiko politikoak ez dituela Euskal Herriaren biziraupena ziurtatzen ezta euskal herritarron eskubideak bermatzen ere, eta hortaz aldaketa politiko baten beharra oso agerikoa egin da. Aldaketa horren beharra izan da ezer baino gehiago Euskal Herriaren ukazio, zatiketa eta eskubideen urraketan oinarria duen gatazka konpontzeko azken saiakerara hurbildu gaituena.

Tamalez, hilabete hauetan elkarrizketa eta negoziazio saio garrantzitsuak egin badira ere, akordio politikoa ez da erdietsi, horrek, elkarrizketa eta negoziazioen etenaren eszenifikazioarekin batera egoera politikoan aldaketa nabarmena ekarri duelarik.

Eta egoera honen aurrean zer egin? Historiak batzuetan ikaspenak ematen ditu, eta dagoeneko Euskal Herrian sinesten dugunok aski ikasia izan behar genuke ikasgai historikoa: ezin gara estatuen borondate onaren zain besoak gurutzaturik geratu. Zailtasunak zailtasun, eta sigla batzuen gehitze hutsaren gainetik, herri honetan lankidetza eta elkarlana beharrezkoa baino ezinbestekoa da, Euskal Herriaren aitortzaren alde, autodeterminazio eskubidearen alde eta euskal herritarron eskubide guztien alde, aldarrikatuz eta eraikiz

Nazio Eztabaida Gunea Lizarra-Garazin abiatu lankidetza ikuspegitik sortu zela esatea ez zaigu gehiegizkoa iruditzen. Garai gogorretan sortu zen gainera Nazio Eztabaida Gunea, indarkeria agerpide guztiak indarrean zeudelarik eta gure herriaren zutabe garrantzitsuen kontrako eraso testuinguru batean (Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta Udalbiltzaren ilegalizazioa horien lekuko) herritar abertzale zintzo askok bere herriarekiko duen erantzukizunari eutsi ziolako. Garrantzitsua da ideia hau azpimarratzea.

Bada, Nazio gisa aritu eta nazio gisa eztabaida demokratikoa burutzeko gune gisa jaio zenak, abiatzear du, Euskal Herriari konponbide demokratikoa ukatu zaion une honetan, Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa bultzatzeko beharrezkoa den lankidetza estrategiaren oinarriak aztertu, eztabaidatu eta adosteko prozesua.

Azken urteetan ikasi bezala, ez dira garaiak etsipenerako, lankidetzarako baizik. Euskal Herriak nazio gisa aurrera egin dezan, bere etorkizun askean sinesten dugunok erantzukizun handia dugu. Euskal Herriak aldaketa politikoa nahi, behar eta merezi du. Bultza dezagun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo