«Nor demontre gogoratzen da egun El Inquilino Comunista taldearekin?»
El inquilino comunista-ko bateria-jotzailea
Egun Standard arrakastatsuan buru-belarri dabilen Javi Letamendia El Inquilino Comunistako taldekideekin elkartzen da tarteka, zuzenean jotzeko grina ase nahian. Grina horrek eramango du laukotea larunbat honetan Bilboko Santana 27ra, ikusmin handia sortu duen zuzenekora.
Anartz BILBAO | BILBO
Getxo Sound deitu zenaren ikur, El Inquilino Comunista laukote bizkaitarra noise musikaren aitzindari izan genuen gurean 90eko hamarkadan. Orduko soinu anglosaxoiei arreta jarriz eta ingelesez abestuz, hiru lan luze plazaratu zituzten 1993-96 tartean (debut izenkidea, «Bluff» eta «Discasto»). Harrezkero, tarteka bildu izan dira zuzenekoak eskaintzeko.
Larunbatean hitzordua dute Bilboko Santana 27an John Wayne taldearekin batera, eta guk taldeko bateria-jotzailea den Javi Letamendiarekin (egun Standard taldean dabilena) solas nahasi bat izateko profitatu dugu aukera.
Badira hamar urte azken lana plazaratu zenutenetik, baina zuek taldeak bizirik dirauela esaten duzue.
Egia da ez dugula inoiz taldea desegin, ez gara inoiz banatu. Memento batean gelditu egin ginen taldekide bakoitzaren bizimoduak gauzak antolatzea zailtzen zuelako. Laurok elkartzeak, planning bat egiteak, kontzertuak eman eta lanak grabatzeak... sekulako nekea baitakar.
Gauza da beti eman ditugula zuzeneko gutxi batzuk. 2001ean Esparrago Rocken jo genuen, duela bi urte Devendra Banhart-ekin beste bi zuzeneko, iaz Bilbao Live jaialdiaren estreinakoan. Horrela, zuzenean jotzeko dugun grina asetzen dugu.
Iaz, «Dogbox» izeneko kutxa argitaratu zenuten, taldearen lan guztiak biltzen dituena. Gustura gelditu zineten?
Caroline banatzailearengandik jaso genuen proposamena. Bagenekien bilduma bat prestatzen ari ginela eta ez genuen aparteko asmorik. Lanaren garapena (argazki eta kantuen aukeraketa...) guk geuk egin genuen eta emaitza nahiko xumea da.
Eta... lan berririk ateratzeko asmorik bai?
Baditugu kanta berriak, Bartzelonan zein Bilbon joko ditugunak. Baina ez dugu aurrez ikusita ezer grabatu edo argitaratzea, benetan. Hala ere, inoiz ez da jakiten eta horrek ez du esan nahi egingo ez dugunik. Batek daki!
«Getxo Sound» izeneko mugimendu baten aitzindari kokatu zintuzteten...
Bere garaian komunikabideek sortutako marka zela esan genuen. Mugimendu bati buruz hitz egiteko balio badu, ondo dago. Azken finean media existitzen den heinean, «Getxo Sound» existitzen da.
Standard dugu mugimendu horren eraginaren isla, ez? Kar, kar, kar, kar.
Zuzeneko batzuk ere eman dituzue azken urteetan. Zer jarrera somatu duzue publikoan?
Probasaioetan taldekideek esaten zuten: «Nor demontre gogoratuko da El Inquilino Comunistarekin?, denbora asko pasatu da!». Nik, ordea, Standarden kontzertuetan aurkitzen ditut garai haiek gogoratzen dizkidaten zaleak, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Ikusmina dago, bai.
Ikusmina dago zuzenekoetarako. Zerekin egingo dugu topo larunbatekoan?
Kontzertua ematearen arrazoi nagusia taldekideek zuzenean jotzeko duten grina eta irrika asetzea da. Kontuan hartu ni izan ezik -Standardekin buru- belarri bainabil- beste taldekideek ez dutela El Inquilinon beste inon jotzen.
Nik agian hiria aldatuko nuke, ezagunen eta lagunen aurrean jotzea zama areagotzea baita. Guretzat erronka bat da. Gogor egin dugu lan kontzertua prestatzen eta gogoarekin gauzak ondo ateratzen dira.
Zuzenekoan duzue indarra.
El Inquilino Comunista taldean garrantzitsuena musika izan da beti. Rock kanta onak eta kemena, kalipua.
«Taldea ez dugu inoiz desegin. Beti eman ditugu kontzertu gutxi batzuk zuzenean jotzeko dugun grina asetzeko, eta, egun, kanta berriak ere baditugu»
«Zuzeneko kontzertuetarako ikusmin handia dago. El Inquilino Comunista taldean garrantzitsuena musika izan da beti. Rock kanta onak eta kemena, kalipua.»
Data: Etzi, larunbata 22.
Lekua: Santana 27 (Bilbo).
Ordua: 21.30ean.
Sarrera: 15/18 euro.
«Ideia onak eta erdipurdiko emaitzak genituen taldeak ginen» esan du Penelope Trip-eko musikari batek Xixongo noise mugimendua oroituz. Asturiarren antzera, Los Planetas, Australian Blonde edo mintzagai ditugun El Inquilino Comunistak harridura sortu zuten Estatuko indie eszena berrian 90eko hamarkadan, ingelesez abestuz. Ahotsa zarataren parte balitz bezala erabiliz eta distortsioa nabarmenduz, Getxokoek 1993an egin zuten debuta lan izenkide batekin eta, 1995ean «Bluff» plazaratu ostean, urte bat geroago eman zuten azkena, «Discasto». Tartean, hainbat single eta ep, bikain egokitzen omen zitzaien formatoa, guztiak Radiaton disko etxe bizkaitar sortuberrian.
Iaz «Dogbox» kutxan bildu zituzten lan guztiak. Bertan, Tom Waits, Jesus & Mary Chain eta Rolling Stones taldeen egokitzapen bana ere ageri zaigu, argazki eta azalpen urri batzuekin batera. Bihar, Bartzelonako BAM jaialdi sonatuan joko dute, eta larunbatean Bilboko Santana 27an (Feverren denboraldi hasieran), herrikide dituzten John Wayne power pop laukotearen itzulerarekin batera.
Zale amorratuak lortu zituzten, eta bitxikeria gisa taldearen Myspace ataria sortu duen laguna ez dutela ezagutzen esan digu Javik. Norbaitek ezkutuan sortua du, lan eskerga eginez, eta isilean mantendu da, taldeak lana eskertu nahi badio ere argazki hobeak eta datuak bidaliz.
A. BILBAO