GARA > Idatzia > Euskal Herria

GAIA: «Errausterik eta hondakinik gabeko komunitatea ez da utopia»

GAIAk, erraustearen alternatiben alde lanean ari den munduko sareak, lau eguneko jardunaldiak egin ditu berriki Hondarribian. 39 herrialdetako 130 ordezkari aritu dira bertan zaborren eta kutsaduraren arazoak izan ditzakeen konponbideei buruz eztabaidan, eta adierazpen bat adostu dute, Gipuzkoako eta Europako herritarrei hondakinen kudeaketa aldatzeko bidean elkartasuna azaltzeko mezu bat.

p019_f02_149x125.jpg

Maider IANTZI |

GAIA erraustearen kontrako munduko sareak hirugarren biltzarra egin zuen Hondarribian irailaren 15etik 18ra. 39 herrialdetako 130 ordezkari elkartu ziren: hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde, plataforma eta sindikatutakoak, ikertzaileak, klima aldaketa gelditzeko lanean ari den jendea, errauste plantaren baten ondoan bizi diren lagunak eta etxe inguruan horrelako azpiegituraren bat eraikitzeko beldur direnak, bertzeren artean. Sarea sendotzea eta errausterik eta hondakinik gabeko komunitate osasungarriak eta justuak garatzeko konpromisoa berrestea zuten helburu.

GAIAk Buenos Airesen duen idazkariak, Cecilia Allenek, atzoko prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, «gai garrantzitsuen eta erronka handien gainean eztabaidatu eta ikasi» zuten, baita herritarren parte-hartzea sustatzeko ahaleginari buruz ere.

Jardunaldi hauetan munduko hainbat txokotan aplikatzen ari diren planak izan zituzten mintzagai, hondakinik gabeko gizartea lortzeko egitasmoak, Zaborra 0 deitutakoak. GAIAko idazkariak argitu zuenez, politika integral hauek hondakinak bereizi eta baliabide moduan tratatzea dute xede. Birziklatzearen alde daude, baina oraindik urrunago joaten dira, material batzuk ezin baitira birziklatu. Kasu horietan konpostajea izanen litzateke irtenbidea, edo industriekin solastatzea bertzela, erabilitako eta botatako guztia berreskura dadin.

«Baina hori ez al da utopia?», galdegin zioten kazetariek berehala. Ezezkoa izan zen erantzuna, gisa horretako ehun plan baino gehiago gauzatzen ari baitira Coloradon, Buenos Airesen, Zeelanda Berrian, Canberran eta bertze toki anitzetan.

Allenen ustez, gakoetako bat industria enpresei ekoizten dutenaren gaineko ardura itzultzea da, eurek izatea hondakinak lantzeko ardura, horrela errazago eginen dutelako ekoizpen garbiaren alde. Berrerabilpenaren eta berreskurapenaren garrantzia nabarmendu zuen Ekologistak Martxan taldeko ordezkari Pilar Barquinek. «Kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela dio legeak, baina ez da hala gertatzen, ez zaie ekoizleei ardurarik ematen. Ekoizpena alda daiteke borondatea baldin badago», baieztatu zuen.

Ekologistak Martxaneko bertze kide batek, Kepa Olaizek, birziklatu ezin diren produktuak garestiago merkaturatzea neurri egokia izan daitekeela ohartarazi zuen. Hemen ere baditugu halako adibideak: denda batzuetan kobratu egiten dituzte plastikozko poltsak. Munduak «era zirkularrean» funtzionatzen duela erran zuen Olaizek; guk, berriz, «erabat modu linealean». Horren erakusgarri da hondakinak erraustea.

«Gipuzkoari eta Europako gizarte zibilari» elkartasuna

Mintzatzeaz eta eztabaidatzeaz gain, GAIAren biltzarrean parte hartu zutenek idatzi bat adostu zuten «Europako gizarte zibilari eta Gipuzkoari» elkartasuna adierazteko. Probintzia horretan indarrean dauden Txingudiko eta Zubietako errauste proiektuak gelditzeko eta hondakinak deuseztatzeko sistema hori debekatzeko eskatzen dute dokumentu horretan, baita Zaborra 0 plan bat osatu eta zaborren tratamendu jasangarria sustatzeko ere. Europar Batasunari begira ere paratzen dira. Filipinetan GAIAren idazkari Gigie Cruzek ohartarazi zuenez, pertsonen osasunari eta ingurumenari kalterik egiten ez dioten politikak eta prozesuak martxan jartzeko garaia du. Izan ere, Europak hondakinak tratatzeko duen modua «erreferente baita mundu osoan».

M. I .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo