Genetsek ametsetako liga hasiera izan du; Aviron berriz, zaleen ametsak zapuztu eta oker hasi da
Genetsek eta Avironek oso hasiera ezberdina izan dute, nahiz eta biek nahi dute goiko mailara igo. Hori-berdeek ezin hobeto ekin diote denboraldiari, eta sailkapeneko lehen postuan daude bakar-bakarrik. Baionarrek, aldiz, ezin dute, eta ez dute iragarri zuten jokorik eman.
Jon LEUNDA
Avironek eta Genetsek, Ipar Euskal Herriko, eta Estatu frantseseko Ligan dabiltzan bi euskal talde profesionalek, oso Liga hasiera ezberdina izan dute. Biak daude CFA Mailan, eta ofizialiki, bietako inork esaten ez badu ere, bien asmoa da N1era igotzea.
Estatu frantseseko Liga Estatu españolekoa baino bi jardunaldi lehenago hasi zen, beraz, bi talde lapurtarrek sei jardunaldi daramatzate lehian. Hasiera, ordea, ezberdina izan dute baionarrek eta angeluarrek, eta sailkapenean ere egoera ezberdinean daude.
Genetsek ametsetako hasiera izan du. Sei jardunalditatik bostetan atera da garaile, eta bat berdindu du. Oraindik ez du partida bakar bat ere galdu, eta jadanik hiru puntutako aldea atera dio Paris Saint Germain B taldeari, sailkapenako bigarrenari. Avironek, aldiz, bestelako egoera bizi du. Sei partidetatik bakarra irabazi baitu. Lau berdindu egin ditu, eta bat galdu du. Liga honetan, ordea, irabazten duenak lau puntu lortzen ditu, eta hor aldeak gehitu egiten dira, eta emaitzak onak ez badira, berahala nabaritzen da.
Genetsen meritoa ikaragarria da, jokalari gutxi fitxatu baititu. Izan ere, horretarako arazo bat izan du. Frantziako Federazioak talde guztiak behartzen ditu epaileak izatera, eta mailen arabera, gutxieneko epaile kopuru bat izan behar dute. Esan behar da, Estatu frantseseko futbol epaile guztiak klubetakoak direla, Lehen Mailatik, umeen azkeneko mailaraino. Eta beste leku askotan ez bezala, partida guztietan, baita umetxoen mailetan ere, epaile ofizialak izateko aukera ematen du.
Genetsek hor izan du arazoa, eta hori dela-eta, Federazioak lagun gutxi fitxatzeko baimena eman dio talde hori-berdeari. Horixe baita Estau frantseseko beste gakoetako bat. Federazioak esaten baitu talde bakoitzak zenbat jende fitxatu ahal duen, eta horrekin, herrialde askotan klubek dituzten diru arazoak ekiditen ditu. Epaile gutxiegi izateak, berriz, zigorrak dakartza, eta kasu honetan fitxatzeena izan da.
Arazo horrez gain, iazko denboraldiko jokalaririk onenetakoak, Poueys edo Heckly, joan egin dira, eta nora joango, eta ondoko taldera, Avironera, alegia. Joan den igandeko hamaikakoan, esaterako jokalari berri bakarra aritu zen lapurtarren hamaikakoan. Beraz, Genetsek meritu handia dauka egiten ari denarekin.
Fitxatze asko
Avironek ez du auzokoen arazorik izan, eta jokalari berri asko ekarri ditu. Heckly, Poueys, Jacobs, Choplain eta beste hainbat, baina agian lau hauek dira garrantzitsuenak, guztiak ere goiko mailetako taldeetan aritutako eskarmentua baitute, eta batzuen kasuan, gainera, baita beste herrialde batzuetako Lehen mailetan ere, Portugalen esaterako. Utzi, berriz, jokalari garrantzitsuetako ia inork ez du utzi talde zuri-urdina, Van de Bruwaenne izan da bakarra. Beraz, eta ikusita zer nolako taldea zuten, igotzeko itxaropenerako ateak zabalik zeuden. Askoren ustez, orain dela lau urte N1era igo zenean baino talde hobea dauka aurten, baina gauzak oso oker hasi dira.
Galtzeko arrazoiak asko izan daitezke, baina Avironen kasuan oso gaizki jokatu dute. Pasa den larunbatean heldu zen lehen garaipena, baina hura ere ez zen ongi jokatutako partida izan, eta zaleak kezkatuta daude.
Horixe da izan ere, Lapurdiko hiriburuko taldearen beste arazoetako bat. Aviron, talde amateur apal bat izatetik profesionalizazioaren mundura oso azkar igo zen, oso urte gutxitan bost maila gora egin zituen, eta 100 ikusle inguru izatetik, 3.000 izatera pasatu zen oso azkar. Jendeak sekulako ilusioak egin zituen, oso azkar ikusten zuten taldea Bigarren mailan edo Lehen mailan, baina N1 Maila galdu ostean, jendeak kolpe latza izan zuen. Aurten bazirudien ilusioa piztu zela hasieran, baina hastapen kaskar honek denak zapuztu ditu, eta orain arteko partidetan 800 ikusle inguru besterik ez du bildu Didier Deschamps zelaiak. Iaz zaleek Kopan hartu zuten sekulako gozatua, Lyonen aurkako partidan, eta orduan erantzun ere ederki erantzun zuten, Jean Dauguer gainezka izan baitzen, baina besterik ez.
Aurtengorako, hortxe dute beste erronka bi euskal taldeek, Kopan, alegia. N1era igotzea nahi dute, baina lehenengoak bakarrik izango du igotzeko aukera, beraz, biek ezingo dute, baina biek dute aukera Lehen mailako talderen baten aurka Kopan aritzeko, eta horixe nahi dute. Horretarako, ordea, laster abiatuko den lehiaketan ezin dute hutsik egin beheko mailetan dabiltzan taldeekin.