GARA > Idatzia > Kultura

Filmei emanen die protagonismoa Latinoamerikako Zinema Jaialdiak

Irailaren 24tik 30era Latinoamerikako Zinema Jaialdia izango da Biarritzen. Lehiaketak film luzeen, film laburren eta dokumentalen sailetan banatu dute. Antolatzaileen hitzetan aurtengo edizioan protagonistak filmak izanen dira, eta ez aktore izarrak. Lehiaketaz gain, Pedro Armendariz aktore mexikarra omenduko da aurten. Aste osoan, musika emanaldiak, lehiaketaz kanpoko zine proiekzioak eta eztabaidak ere izanen dira jaialdiaren menuan.

p048_f01_203x112.jpg

Eneritz ZABALETA | BIARRITZ

Udazkeneko lehen eurite eta hosto erortzeekin batera, Biarrizko Latinoamerikako Zinema Jaialdia itzuli da aurten ere. Aste osoan, 100 filmetik gora izanen dira ikusgai Biarrizko Colisée, Royal edo Atalaya zinemagela eta aretoetan. Urtero bezala, Latinoamerikako kultura eta bizitzaren erakusgarri izan nahi du jaialdiak, eta protagonismoa obrek izanen dute izen handiek baino gehiago.

«Aurten, agian ez daukagu errealizadore edo aktore ezagunik , baina hamar film dauzkagu lehiaketan publikoak ezagutzea besterik eskatzen ez dutenak». Marc Bonduel jaialdiko zuzendariak argi utzi zuen Latinoamerikako Zinema Jaialdiaren norabidea. Izarrik ez da izanen beraz Biarritzen, baina orotariko zinema bai. Film luzeak, film laburrak, dokumentalak... denetarik izanen da aste osoan. Film estiloei dagokionez, kutsu sozialeko lanez gain, thriller-ak (Esto huele mal), polizia estilokoak (La noche de los inocentes) edo musika filmak (Ó Pai ó) izanen dira ikusgai.

Lehiaketa ofizialean hamar film luzek lehiatuko dute elkar. Baina, film luzeen lehiaketaz gain, beste hamar film labur eta hamazazpi dokumental egonen dira lehian. Benoit Jacquot zuzendaria izanen da film luze arloko epaiamahairen burua. Film laburren eta dokumentalen sailetako epiamahaien buruak, hurrenez hurren Roland Nguyen France 3 telebista kateko aduraduna, eta Stephane Millere errealizadorea izanen dira.

Aurten, Donostiako Zinemaldiarekin batera izango da Biarrizko jaialdia. Gainera, Biarritzen lehiatuko diren hiru film Donotiako Zinemaldirako aukeratuak izan dira: «Pena da biek filma berak proposatzea. Urte batzuetan Zinemaldiak Latinoamerikako zinema bazterrean utzi ondoren, badirudi interes gehiago erakusten diotela» erran zuen Bonduelek, bide batez, Guy Braucourt programazioaren arduradunaren lana txalotuz.

Azken horrek, alde onak ikusi zizkion egoerari: «Aste berean hain hurbil dauden bi jaialditan egonik, filma horietako egile, aktore eta gainerakoak errazago etorraraziko ditugu Euskal Herrira».

Zinema baino gehiago

Latinoamerikako Jaialdiak bide propioa egin nahi du gainerako zinema jaialdien aldean. Aurten ere, zinemaz gain hainbat ekimen proposatuko ditu. Lehiaketaz kanpo, noski, hamarnaka film ikusten ahalko dira aste osoan. Anitz, film luzeak izanen dira, eta Pedro Armendariz aktore mexikarra omentzeko parada eskainiko dute. Bost filmetan ikusten ahalko da Armendariz.

Horrez gain, Jorge Sanjines errealizadorearen lanen bitartez, Boliviako zinemaren atzera begirako erakusketa bat egingo da aste osoan zehar. Sanjinesen sei filma ikusten ahalko dira.

Film laburrei dagokienez, lehiaketatik kanpo, Argentinako ENERC eskolako ikasleen lanen bilduma berezi bat eskainiko da. Dokumentalen arloan, berriz, Arte telebista katearekin elkarlanean, azken honek ekoitzitako lanak ikusgai egonen dira.

Azkenik, aste osoan hainbat musika topaketa antolatuko dira Latinoamerikaren gaiaren inguruan. Biarrizko kasinoaren parean herrixka jarriko dute antolatzaileek, eta bertan emanen dira musika emanaldiak egun osoan. Programazioa, Biarrizko Atabalmusika aretoarekin eraikia izan da.

Astea borobiltzeko, Latinoamerikako idazleekin literatura topaketak, edo beraien lehen film luzea aurkeztuko duten errealizatzaile gazteen topaketa ere antolatuko dituzte Biarrizko Latinoamerikako Zinema Jaialdiko antolatzaileek.

Film luzeak

La sangre iluminada (Ivan Avila Dueñas Mexiko)

Aurora Boreal (Sergio Tovar Velarde, Mexiko)

Esto huele mal (Jorge Ali Triana, Kolonbia)

Hunabkú (Pablo Cesar, Argentina)

La noche de los inocentes (Arturo Sotto, Kuba)

Matar a todos (Esteban Shroeder, Uruguai, Argentina eta Txile)

Ó Pai ó (Monique Gadenberg, Brasil)

Postales de Leningrado (Marianaa Rondon, Venezuela)

O ano em que meus pais sairamaa de ferias (Cao Hamburger, Brasil)

Por sus propios ojos (Liliana Paolinelli, Argentina)

Indigena kontzientziari buruz eztabaidatuko dute jaialdian

Jaialdiaren lehen egunean, asteartean, «Indianitatea Amerikan: nunca mas protestas, propuestas» gaiaren inguruan eztabaida publikoak burutuko dira.

Evo Morales Boliviako presidente indigenaren haututik abiatu, eta hainbat herrietako indigena kontzientziaren egoera aztertuko dute. Esaterako, Kolonbia, Txiapas, Peru edo Ekuadorreko egoerak aipatuko dira.

Azkenik, 2005eko dokumental baten bidez, Bolivian Evo Moralesen botere hartzea aztertuko dute. Indianitatearentzat izandako ondorioak, eta etorkizunerako erronka eta arriskuak izanen dituzte hizpide eztabaida publikoan. E. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo