GARA > Idatzia > Kultura

Literatura Unibertsala bilduma beste hiru lanekin osatu berri dute

GARA | BILBO

Elkar eta Alberdania argitaletxeek hiru liburu berri gaineratu dizkiote Literatura Unibertsala bildumari. Ernesto Sabatoren «Tunela» Mikel Garmendiak euskaratu du; Chinua Acheberen «Gainbehera dator dena» Alberto Martinez de la Cuadrak itzuli du; eta Gesualdo Bufalinoren «Gaueko gezurrak» euskaratzeaz Josu Zabaleta arduratu da. Bilbon aurkeztu berri dira ekarpen berri horiek.

«Gainbehera dator dena» liburua, esaterako, Chinua Achebe nigeriarraren libururik ospetsuena da, Afrikako literaturaren aitatzat hartua izatera eraman duena. Argitaletxeen aburuz, «kontinente oso baten erreferentzia bihurtzeaz gainera mundu osoari kolonialismoaren mekanismo eta ondorio zitalak ulertzen laguntzen digun eleberri bikaina da». Lana Alberto Martinez de la Cuadrak (Bilbo, 1966) itzuli du. Filosofia eta Letretan lizentziaduna, itzultzailea da egun Administrazio Publikoan.

Gesualdo Bufalino Siziliako Comison jaio zen 1920an eta «Gaueko gezurrak» liburua berea da hain zuzen. Azaldu dutenez, idazleak «esku jostalari bezain trebez ondutako liburua» da. «Giza izatearen galdera funtsezkoekin nahasturik ugari dira bertan idazlearen amarru eta itzal-jokoak», aipatu zuten. Josu Zabaletak (Legazpi, 1948) ekarri du euskarara.

«Bikaina bezain izugarria»

Hirugarren ekarpena «Tunela» da, Ernesto Sabatoren (Rojas, 1911) «eleberri zirraragarria»; «Izatearen zentzurik eza eta komunikazioaren ezina erakusten dituen obra existentzialistatzat hartu izan da urtetan, arrazoiz, baina era berean esan liteke emakumeen kontrako bortxakeriara daraman prozesu psikologikoaren erakusgarri dugula, bikaina bezain izugarria». Mikel Garmendia Ugarte tolosarrak itzuli du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo