GARA > Idatzia > Eibar

Hasiera ona

Sendotasuna liderraren zapalgailuari aurre egiteko

Eibar egiten ari den hasiera onak sekulako «azterketa» gainditu beharko du igandean La Rosaledan

p040_f01.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Eibar egiten ari den denboraldi hasiera ona aztertzean zenbait arrazoi dago: guztion lana, atezainaren ziurtasuna, atzelari eta erdilarien sendotasuna, aurrelarien bihurrikeria... Eta den-denak beharko ditu Gipuzkoako taldeak igandean, La Rosaledan, gainditu beharko duen azterketa kontuan hartuta.

Sendotasuna, batez ere, Malagak zapalgailua martxan jarri baitu azken partida hauetan. Bertako jokalariek diotenez, taldeak ez du emaitzek esaten duten bezain ondo jokatzen, baina zenbakiak ikaratzeko modukoak dira: hamaika gol sartu dituzte -talde golegileena da-, hiru besterik ez jaso, partida guztiak irabazi dituen taldea da...

Sartutako golen kopurua, batez ere, deigarria suertatzen da. Izan ere, Mendizorrotzan Alavesen aurkako norgehiagoka kenduta -0 eta 1 amaitu zuen-, gainerako guztietan bi gol edo gehiago sartu dituzte andaluziarrek, beren aurrelariak erakusten ari diren trebetasunari esker. Dagoeneko, hiru gol sartu ditu Hidalgok, eta bina Peragonek, Bahak eta Salvak.

Sekulako borroka izango da igandean, beraz, Eibarrek orain arte gol gutxien jaso duen taldea baita; bi besterik ez, eta horietako bat, derbia Donostiara eraman zuena hain zuzen ere, penaltiz heldu zen.

Zenbaki horien arduradun nagusienetarikoa Ivan Cuellar da, azken bi partidetan golik ez baitu jaso, baina atezainaren esanetan, «lan handia ez dut izan orain arte, egia esateko. Taldekideen lanari esker ia ez zait baloirik heltzen eta heltzen direnean, egiten duten lana itzultzen saiatzen naiz, besterik ez».

Elkarrekiko begirunea

Horiek hala eta talde bien ibilbidea ikusita, elkarrekiko begirunekoa izango da igandeko partida. Carmelo Yustek eibartarren sendotasun horretan zerikusi handia du eta berak hala pentsatzen du: «beren partidak ikusi ditugu eta kalitate handiko jokalariak dituzte, baina ziur aski, haiek gure partidak ikusi dituzte eta gauzak ondo eginda talde garrantzitsuenen aurka ondo aritu garela ikusi dute».

Erdilariaren ustez, gainera, «korrika egiten, lan egiten eta gogor aritzen garen talde bat gara. Eta haiek nahiago dituzte baloia gehiago ikutzen duten taldeak. Horretaz baliatu behar gara», nabarmendu zuen.

Txikik ez du jokatuko

Zoritxarrez, gizon garrantzitsu baten hutsunearekin ekingo dio Eibarrek partidari; jokalariak berak egunkari baten jokatzeko prest egongo dela esan arren, Javier Mandiolak Txikiri aste honetan atsedena emango diola errepikatu baitzuen atzo, nafarrak pubisean dituen arazoak erabat konpon ditzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo