Mobilizazioak egingo dituzte bihar «errepresio aro berria» salatzeko
Amnistiaren aldeko mugimenduak mobilizazioetara deitu du bihar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, «azken aste hauetan izandako errepresio hainbat adierazpen salatzeko». Hain justu, estatuen estrategia horrek azkenaldian okerrera egin duela uste du -«Euskal Herriari inposatzen ari zaion errepresio aro berri baten aurrean gaude», adierazi du prentsa adierazpenean- eta, horregatik, «aurre egin» behar zaiola nabarmendu du.
GARA |
Errepresioa areagotu egin dela argudiatzen duten adibide franko daudela iritzi dio amnistiaren aldeko mugimenduak. Horietako bat irailaren 9ko Donos- tiako manifestazioa da. Kon-txako estropadetako bigarren igandeko preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazio historikoaren -30 bat urte badira dagoeneko egiten hasi zirela- aurka oldartu zen Ertzaintza. Karga gogorrak, kolpeak, zaurituak eta atxilotuak. Azken horien artean, Askatasuneko eledun Juan Mari Olano.
Polizia autonomikoak Auzitegi Nazional espainolera eraman zuen zaldibiarra hurrengo egunean; polizia-etxetik atera eta Baltasar Garzon epaileak berriz ere atxilotzeko agindua eman zuen eta horrek Soto del Realen espetxeratu zuen hilaren 11n. «Talde armatuko kide izatea» eta «kale terrorismoa sustatzea» leporatu zion.
Antolatzaileen arabera, azken asteotako gertakaririk larrienetakoa izan da Gipuzkoako hiriburuan gertaturikoa eta Olanoren kartzelatzea, baina ez bakarra. Ezker abertzaleko militante eta jarraitzaileei espioitza egitea -zelatatzeko tresnak topatu dituzte bulegoetan, autoetan baita Donostiako etxe batean ere-, EAE-ANV legez kanpo uztea aztertzea -Fiskaltzak eta Gobernu espainolak onartu dute aukera hori- eta errepideetako kontrolak aipatu ditu. Azken horiei dagokienez, nabarmen areagotu dira Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren ekinbideak: Baztanen -hainbat egun egon ziren Arizkun eta Elizondo lotzen dituen N-121-B errepidean guardia zibilak, mugitu ere egin gabe-, Andoainen, Zarautzen, Elgoibarren...
Amnistia eta askatasuna
«Errepresioaren aurrean amnistia eta askatasuna» leloa izango dute mobilizazioek, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan egingo dituzte. Besteren artean, Gasteizen 20.30ean hasiko da protesta Correos plazan; Laudion 20.00-etan Lamuza plazan; Amurrion ere iluntzeko zortzietan egingo dute Udaletxeko Plazan; eta Araian eta Otxandion, ordu berean Herriko Plazan.
Gipuzkoan, berriz, Donostian 19.30ean egingo dute Buleba-rrean hasita; Zarautzen 20.00- etan Udaletxe aurrean; Azkoitian ordu berean Herriko Plazan; Arrasaten 19.00etan Seber Altube plazan; Bergaran 19.30- ean Herriko Plazan; Eibarren 20.00etan Untzagan; Deban ordu berean Herriko Plazan; Urretxu-Zumarragan 20.00etan Potros plazan; Beasainen 20.00- etan Zubi Musun; Errenterian ere 20.00etan Herriko Plazan; Tolosan ordu berean Trianguloan; Hernanin 19.30ean Gudarien Plazan; eta Orion 20.00-etan Herriko Plazan.
Bilboko manifestazioa ere zortzietan hastekoa da plaza Biribiletik; Zallakoa ere 20.00etan Euskadi plazatik; Santurtzikoa 19.30ean Parketik; Portugaletekoa 20.00etan Triangelutik; Basaurikoa ere 20.00etan Bentatik; Arrigorriagakoa 19.30ean Argala plazatik; eta Galdakaokoa 20.00etan Zamakoatik.
Ertzaintza Donostiako manifestazioaren aurka oldartu izana, Juan Mari Olano atxilotu eta kartzelatzea, EAE-ANV legez kanpo uzteko aukerari ateak zabaldu izana, espioitza lanak, kontrolak... Errepresioa areagotu egin dela frogatzen duten adibide soilak dira horiek, amnistiaren aldeko mugimenduaren ustez.
Hiriburuez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalerritan deitu du mobilizatzera, «Errepresioaren aurrean amnistia eta askatasuna» leloarekin.