GARA > Idatzia > Euskal Herria

Torturaren Aurkako Astea egiten ari dira Gernikan herritarrek egoera ezagutzeko

GARA |

Astelehenean abiatu zen Gernikan Torturaren Aurkako Astea eta makina bat ekitaldi egiten ari dira herriak jakin dezan torturatuak nortzuk diren eta euren asmoak zeintzuk diren. «Elorrion hasi genuen proiektua ezagutarazi nahi dugu modu honetan [abenduan nazio batzarra egin zuten Euskal Herriko torturatuek, aurrera begirako ildo eta ekibideak zehazteko], Torturaren Aurkako Talderen forma nola aldatu den erakutsi, orain torturatuak garenok osatzen baitugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek gure aurpegiak ezagutzea eta egoera hau aldatzeko prest gaudela jakitea», azaldu diote GARAri antolatzaileek.

Horrexegatik, datorren larunbat gaueko bederatzi eta erdietan izango den ekitaldia nabarmendu dute. Bertan, Busturial- deko torturatuak igoko dira Astrako agertokira eta «asko di- rela erakutsiko dute horrela». Jarraian, kontzertua emango dute Kode, Sarkor eta Kriston taldeek (sarrera, 2 euro), eta erromeria ere iragarrita dago ondo- renerako.

Astelehena eta asteartea «ederto» joan zirela adierazi dute TATeko ordezkariek: Elai Alai Aretoan egin zuten mahai inguruan ehun bat lagun bildu ziren, tartean Martxelo Otamendi eta Nekane Txapartegi, Guardia Zibilaren eskutik tratu txarrak jasan dituztenak (lehenak «Euskaldunon Egunkaria»ren aurka- ko operazioan atxilotu eta gero, eta bigarrenak Xakiren kontrakoan preso hartu zutenean).

Kataluniako ahotsak

Kataluniako testigantzak ezagutzeko aukera ere izan dute gernikarrek eta herrira hurbildutakoek, Laia Alsina Garridok beste bi emakumerekin sortu nahi duen kooperatibaren berri eman baitzuen, baita torturatu kataluniarren adierazpenekin osatutako dokumentala aurkeztu ere. Hogeita hamar pertsona baino gehiago batu ziren eta «oso ondo» joan zen ekitaldia, antolatzaileen esanetan.

Gaur goizean, Elorrion adosturiko Torturaren Aurkako Manifestuaren inguruko sinadura bilketa egingo dute; 20.00etan, aldiz, berriztarrek «Pedro y el capitán» lana antzeztuko dute Lizeo Antzokian.

Bihar jarraituko dute manifestuaren aldeko sinadurak batzen. Goizean arituko dira lan horretan, eta arratsaldean, ostera, Urdaibikers motorzaleek antolatuta, haurrentzako jolasak eta barbakoa izango dira San Kristobal Plazan.

Azkenik, larunbaterako ibilaldia prestatu dute inguruko mendietan barna, goizeko hamarretan Merkuriotik abiatuta (izen ematea eta kamiseta, 3 euroren truke). Geroago, hamabiak eta hamabi eta erdiak bitartean, txosnak irekiko dituzte Astran. Bitartean, ordu bat eta erdia arte, txikienek Urdaibikers taldekoekin motorrean buelta bat emateko aukera izango dute Astran.

Larunbatean, herri bazkaria

Herri poteoak eta Agoitzeko Burrunba taldeak osatuko dute eguerdiko egitaraua. 14.30erako herri bazkaria dago iragarrita Astran (12 euroan eros daiteke txartela), eta postrea Onintza Enbeitaren, Iratxe Ibarraren eta Oihane Perearen bertso-kabareta izango da.

Gatibuk kontzertua emango du 17.30ak aldera eta 18.30ean, «Leva ta rone» ikuskizuna egingo dute motorzaleek Tole poligonoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo