Zesta punta Biarrizko Masterseko finala
Munduko txapeldunak bikain aritu ziren beste behin ere
Partida erdialdea arte norgehiagoka berdindua izan arren, Goikoetxeak eta Enbilek egindako 19-9ko partzialak erabaki zuen herenegun jokatutako finala
GARA | BIARRITZ
Goikoetxea-Enbil munduko txapeldunak berriro bikain aritu ziren eta bere kalitatea erakutsi zuten herenegun Agilera Euskal Jai frontoian. Hain zuzen ere, Biarrizko Zesta Punta Masterseko finalean, Arriaga-Irastorza menderatu zituzten 35-25eko emaitzarekin.
Lehia oso parekatua izan zen 16nako berdinketa arte. Ordura arte, lau pilotariek itxura bikaina eman zuten eta, nahiz eta gorriak aurretik hasi, zuriek, Irastorzaren indarra baliatuta, erreakzionatu eta 12-14koarekin agintea hartu zuten. Hala ere, lehenengo hamabostaldiaren ostean, atzeko partean Enbil ezin hobeto ibili zen eta zumaiarrek ihes egin zuten (22-16 eta 26-18). Hala, norgehiagoka bere alde bideratu zuten.
Azken txanpan, bizkaitarrak eta lapurtarrak buelta lortzeko ahaleginak egin zituzten, baina orduan Goikoetxearen ikaragarrizko eskuin besoak min handia egin zuen. Horiekk hala, Arriagak eta Irastorzak ezin izan zuten gauza handiegirik egin eta, 80 minutuko borroka baten ostean, aipatutako 35-25ekoa etorri zen.