GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joxe Arregi Deustuko Unibertsitateko Teologia irakaslea

Fraidearen galdegaiak

Nik ez diot inolaz «gizakiaren arrazoiak ez duela ezertarako balio». Alderantziz diot: arrazoirik gabe erlijioa ez dela ezertarako

Erakargarria da «Fraidearen otoitza» izenburua. Arantzazuko fraidea naizelarik, izenburuak erakarrita ekin nion Patxi Salaberriren artikulua irakurtzeari (GARA, 2007-09-12) eta harriturik ohartu nintzen, hasi orduko, nitaz ari zela. Ez ninduen aipatzen, baina hilabete lehenago «Berria»-k argitaratu zuen nire artikulu bati erantzun nahi zion. «Nahi zion» diot, ze iruditzen baitzait ez ziola inondik nireari erantzuten («Erlijioa eta euskal kultura» artikulua, ikus www.elizagipuzkoa.org), bereari baizik, edo auskalo zeri. Akaso ez nituen ongi esango. Akaso ez zituen ongi ulertuko.

«Erreibindikazio sektarioak kaleratzea», «zurikeria», «pontifikatzea», «pentsamendu-kudeaketaren monopolioa» neureganatzea, «filosofia izatera nekez iritsi litezkeen teologikeriak», «Inkisizioaren diskurtso-estilo barregarri bera» eta horrelako letaniak eskaintzen dizkit. Salaberrik ere, beraz, otoitzean badaki, baina ez diot otoitz horri jarraituko. Ora pro nobis. Amen! Eta natorren funtsezko kontuetara.

Galdegaia da kontua. Euskarazko klaseetan galdegaiari eta, beraz, sintaxiari, hurbil-hurbiletik erreparatzen erakutsi zidaten fraideek gaztetan. Ez baita berdin «Nik sagarrak ditut zorroan» esatea edo «Nik dauzkat sagarrak zorroan». Patxi Salaberrik euskara-eredu malguagoa ikasiko zuen beharbada, eta ongi da. Nolanahi ere, galdegaia arazoa da, eta hizpide dudan eztabaidan galdegaia da arazoa. Ikusi bestela.

Nire artikuluak inspirazioa eta inspiragarritasuna galdu dituen erlijioa salatzen zuen, sineskizun huts eta moral zurrun bilakatu den erlijioa. «Artean eta literaturan, etikan eta hezkuntzan, unibertsitatean eta politikan behar luke erlijioak inspiratzaile eta eragile», esaten nuen. Baina Salaberrik, esaldi hori aipatzean, oso bestelako gauza esanarazten dit: erlijioak inspiratu behar dituela artea, etika, politika eta abar. Ez jauna, nik ez dut inoiz horrelakorik esan. Erlijioak, ezer egitekotan, dena inspiratu behar du, baina inondik ere ez du dena erlijioak inspiratu behar. Galdegaia zein den, guztiz bestelako gauzak esaten dira.

Beste adibide bat. Nik idatzi nuen: «Gizakiaren galderarik eta bilaketarik sakonenak kudeatzen ditu erlijio-erakundeak, ondo edo gaizki». Baina hemen ere galdegaia aldatu, sintaxia bihurritu, eta esanahia erabat okertu dit, idatziz: «Erlijio-erakundea da gizakiaren galderarik eta bilaketarik sakonenak kudeatzen dituena». Ez, nik ez diot erlijioa bakarrik denik gizakiaren dimentsio sakonak kudeatzen dituena, are gutxiago gizakiaren gizatasuna ziurtatzen duena. Ongi dakit askotan alderantziz dela.

Nik ez diot inondik ere «erlijioaren aurkako diskurtso oro aurreiritziz eta salakuntza topiko errazez osatuak daudela», edo erlijioren kontra egiten duten guztiak «sasi-moderno» direnik. Nik zera esaten nuen eta esaten dut: «erlijioaren aurkako aurreiritzietatik eta salakuntza topiko errazetatik libratu ez den sasimodernoak ere badirela». Galdegaia bereiztea bezain garrantzitsua da «oro» eta «ere» bereiztea.

Nik ez diot inolaz «gizakiaren arrazoiak ez duela ezertarako balio». Alderantziz diot: arrazoirik gabe erlijioa ez dela ezertarako.

Nik idatzi nuen «Euskal Herriko Unibertsitatean Erlijio-Zientzietako Departamendua sortu behar litzatekeela», administrazio publikoak finantzatua, noski, munduko herrialderik modernoenetan gertatzen den bezala. Eta horri eusten diot. Eta horrek erretzen du Salaberri. Baina hor ere ez du erretzen nik esandakoak, esanarazten didanak baizik. Nik ez baitut esan, inondik eta inola, Departamendu horretan Teologia kristaua bakarrik irakatsi behar litzatekeenik, eta are gutxiago irakasleen izendapenak eta irakaspenak berak gotzainen kontrolpean egon behar luketenik. Ez, fraide hau horren kontra dago erabat eta espreski.

Gaizki-ulertuz josia dago erlijioa, hizkuntza eta hizketa bezala. «Erlijio» hitza bera da sekulako ekibokoa. (Diodan, bide batez, «Patxi Salaberri» ere ekibokoa dela, izen bereko bi baitira: ez da Uxueko euskaltzain ezaguna fraideari letaniaka ari dena, EHUko irakasle aramaioarra baizik). Baina galderak, galdegaiak eta esanahiak argitzen saiatzea merezi du, letaniarik gabe ahal dela.

Feuerbach, Marx, Freud eta Nietzsche aspaldi irakurri genituen, eta oraindik asko erakusten digute. Baina haiek ere ez zuten erlijioaz eta errealitatearen misterioaz dena esan. Galderaz harantzagoko galdegai asko eta hitzaz harantzagoko esanahi asko geratu zitzaizkien. Eta «ezin mintza daitekeenaz mintzatu egin behar da» (J. Sarrionandia). Erlijioa horretaz mintzo da, gehienetan trakets. Inolaz ez dut esan nahi, ordea, horretaz erlijioa (bakarrik) mintzo denik. Ipuinak eta literatura horixe baitira: «isiltasuna letretara itzultzea» (J. Sarrionandia). Eta galdera, galdegai eta esanahi guztiak baino harantzago/honantzago dago ederraren miresmena eta amodioaren hunkipena. Hortxe errotzen da erlijioa. Baina ez da erlijioa bakarrik errotzen hor, gizakiaren minezko eta miresmenezko adierazpen hunkitu oro baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo