Chris Colemanen prentsaurrekoa
«Realaren esku» dago etxean behingoz irabaztea
Talde txuri-urdinak Anoetatik urruti «konfiantza handiagoz» jokatzen duela aitortu zuen galestarrak, eta garaipena lortzeko Elx-en aurka donostiarrek «urduritasun gutxiagoz» zelairatu behar dutela iritzi zion
GARA | DONOSTIA
Elx taldearen aurka jokatzeko bezperetan Chris Coleman Realeko entrenatzailea kazetarien aurrean aritu zen. Egindako adierazpenen arabera, konfiantzaz azaldu zen, «taldearen esku» ikusi baitzuen behingoan Anoetan aurreneko garaipena lortzeko giltza.
«Ligako lau neurketa jokatu ditugu, eta etxeko biak galdu ere; etxetik kanpo taldeak konfiantza gehiagoz jokatzen duela argi dago», onartu zuen entrenatzaile txuri-urdinak. Realak «Las Palmasen bigarren zatian izan genuen jarrera horrekin ekin behar diogu», eskatu zuen galestarrak.
Kanariar Uharteetan jokatu neurketa gogoan hartuz, aztertu zuen Chris Colemanek Elx-en aurkako neurketa. «Batzuetan hamarren kontra erasotzea zailagoa da, hamar atzelari balira bezala jokatu ohi baitute bat gutxiagoz geratzen diren taldeek. Horregatik, han erasotzen badakigula erakutsi genuen eta Elx-en kontra berbera erakutsi nahi dugu».
«Taldearen inguruan ezkortasun handia nabari da, eta horregatik oso garaipen baliotsua izango litzateke larunbatekoa, aurrerago kokatuko ginatekeelako, eta aurkako atera begiratuz ere gure konfiantza hobetuko litzatekeelako. Emaitzek bakarrik buka dezakete ezkortasun horrekin», esan zuen.
Anoetan jokatu beharreko partidaren inguruan, taldeak «lasaiago zelairatu» behar duela iritzi zion Colemanek, are gehigo aurkariek atzean sartzea erabakiko balute.
«Etxetik kanpo hiru gol sartzea oso ondo dago eta gehiago ere egiteko aukerak sortu genituen. Hortik jarraitu behar dugu, baita lasaiago zelairatu ere. Horrek ez du tentsiorik gabe jokatzea esan nahi. Agian urduri egongo garela pentsatuz etorriko da Elx, eta ez nintzateke harrituko atzean sartuko balitz; hori guri berdin zaigu. Urduritasun horri buelta ematea gure esku dago-eta», adierazi zuen.
Skouboren egoera zaila
Min hartutako jokalarien inguruan, galdetuta, aldiz, kontuz azaldu zen galestarra. Aipagarriak izan ziren Skoubori buruzko hitzak. Aurrelari daniarraren egoera «zaila eta etsigarria» dela aitortu zuen.
«Morteni -Skoubo- laguntzen jarraitu behar diogu, sendatzeko lan ona egiten ari baita. Bera ez dagoen bitartean, beste jokalariak begiratu behar ditugu. Adibidez, Diaz de Zeriok eta Gari Urangak sekulako lana egin zuten Las Palmasen; Viguera eta Agirretxe gazteak aurrelari onak dira, eta Delibasic gustiz osatzen bada, aukera ugari bezain onak izango ditugu postu horretarako», aipatu zuen. Bestetik, «ez dut Delibasic azkarregi zelairatu nahi», adierazi zuen. «Larunbatean -bihar- Montenegrokoa jokatzeko moduan izatea posiblea da oraindik, baina azken erabakia bihar -gaur- hartuko dut. Gorka Larreak beste aste bat gehiago pasatu behar du entrenatzen, gutxienez», gehitu zuen.
Gaizka Garitanoren inguruan «Las Palmasen eman genion atsedena ondo etorri zaio» aitortu zuen Colemanek. «Bestalde, Markel Bergarak Gaizkaren ordez neurketa ona borobilduzuen. Gaizka ez badago, Markel daukagu hor».
Bizkaitarrak, bere aldetik, ohiko gogortasuna erakutsi zuen prentsaurrekoan. «Orain arte legez jarraituz gero» ez lukeela kirofanotik pasatu nahi adierazi zuen, bezperan Torrelavegan erakutsi maila onaren ondoren. «Futbol profesionalean inork ere ez du inongo minik gabe jokatzen», esanez amaitu zuen bere zalantzen auzia.