GARA > Idatzia > Editoriala

Lanarekiko ardura ez, errepresioa da

Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministro espainolak, Urte Judizialari hasiera emateko egindako ekitaldian Estatuko fiskal nagusiak emandako datuak gogora ekarri ditu, eta Auzitegi Nazionaleko epaileek eta fiskalek erakutsi duten «lanarekiko ardura» goraipatu du. Candido Conde-Pumpidok jakitera eman zuenez, 2006an ETA erakundearen su-etena indarrean zegoela, Estatu espainoleko Fiskaltzak «terrorismo delituak» egotzita, 102 akusazio idazki aurkeztu zituen, «itxaropen guztien gain-gainetik», Bermejoren esanetan. PSOEren esku dauden Estatu espainoleko erakundeen arduradunen ohiko joera da PPren aurrean espainolago eta gogorrago agertzeko nahia erakustea. Baina adierazpen horiek nabarmen utzi dutena ez da soilik PPrekin hauteskundeei begira hasi duten lehia; Euskal Herriak pairatzen duen gatazka gainditzeko PSOEk eskaintzen duen ibilbide-orria da. Eta horri ez zaio lanarekiko ardura deitzen, errepresioa deitzen zaio.

Ezin da besterik deitu, urrutira joan gabe egunotan Euskal Herrian Polizia eta epaitegiak egiten ari dena: Donostian manifestazio bat debekatu ondoren Ertzaintzak piztutako liskarrak, Juan Mari Olanoren kartzela egoeraren gainean kartzelan sartzeko aginduarekin erakutsi duten ankerkeria; Udalbiltza eta «Egunkaria» auzietan egin dituzten urratsak; gazteen atxiloketak; bederatzi gazteri torturen bidez ateratako akusazioetan oinarritutako epaiketa... Gatazka bere unerik gordinenean zegoeneko argazkia dirudi, baina egoera guztiz bestelakoa izateko aukera paregabea galdu zen ondoren.

Duela zenbait hilabete, EAEko Legebiltzarrak Auzitegi Nazionala desagertzeko eskaera onartu zuen. Hala eta guztiz ere, epaitegi horretan bide ematen zaien arduragabekerien aurrean isilik daude, nahiz eta ekimen judizial horien guztien helburua Euskal Herriak gatazkari konponbide demokratikoa emateko duen eskubidea oztopatzea izan, Bermejok eta Conde-Pumpidok nabarmen utzi dutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo