Euskararen Legea aldatu ezean, nafarrak ez direla «baretuko» esan du Barrenak
Nafarroako eta Gasteizko gobernuek euskarari buruzko hizkuntza politikak direla-eta izandako ika-miken inguruan, arazoa konpondu eta euskararen alde egiteko borondate eza salatu zuen ezker abertzaleak.
Jasone MITXELTORENA |
Nafarroako eta Gasteizko gobernuek azken egunetan euskararen inguruko hizkuntza poli- tiken inguruan izandako eztabaidak direla-eta, ezker abertzaleak hausnarketa egin zuen atzo Iruñean, «Nafarroako Euskararen Institutuaren sorrera zertara datorren eta Gasteizen EAJk egindako proposamenaren lainoak zer ezkutatzen duten jakiteko».
Nafarroako Gobernuari dagokionez, Euskararen Institutua sortzea berez berri ona dela jakinarazi zuen Pernando Barrenak, «baldin euskararen ofizialtasunaren eskaerari entzungor eginen ez baliote». Hala izanik, eta Hizkuntza Politikaren arduradun Carlos Perez Nievasen adierazpenak oinarri hartuta, «marko legal eta juridikoa nahiz edukiak aldatu gabe, Nafarroako gizarteak adierazitako kezka eta haserrearen aurrean urak baretzeko neurria da», jakinarazi zuen ordezkari abertzaleak.
«Paternalista eta anexionista»
Institutua sortzeak «gauzak gaizki egin diren onarpena biltzen du bere baitan», Pernando Barrenaren ustez. Hala ere, «edukietan aldaketarik eman gabe itxura egokitzera» mugatzen dela salatu zuen. Gisa horretan Euskararen Legeak indarrean jarraituko duenez, «administrazioak euskara ghettora kondenatzen eta nafarren hizkuntz eskubideak urratzen segituko du», ohartarazi zuten ezker abertzaletik. Alde horretatik, «UPN eta CDN alderdien jarrera gaitzestekoa dela» adierazi zuen eta Lakuako Gobernua ez dela «atzean» gelditzen salatu zuen. Barrenak nabarmendu zuenez, «EAJk 25 urtez erabili duen hizkuntz politikaren porrota agerian gelditu da 2005-2009 urteetarako aurkeztu duen egitasmoarekin».
Bere ustez, egitasmo horretan jasota gelditzen dira: «euskararen erabilera urria eta irregularra; euskaldunak direnen artean erabilerak behera egin duela; gaztelaniaren aldeko politika -80ko hamarkadan ez bezala¯; eta euskararen geroa ez dagoela bermatuta», besteren artean. Horiek hala, ez deritzo zuzena Lakuako Gobernuan Hizkuntza Politikaren arduradun Patxi Baztarrikak Nafarroako Gobernuari egindako proposamenari: «Han euskararen alde dena egina dagoela eta dena ongi doala adierazten du, eta gure ustez gezurra da».
Lakuako Gobernuak Iruñekoari euskararen inguruko hizkuntza politikak elkarrekin jorratzeko Elkarlaneko Erakunde bat sortzeko proposatzeari «kutsu paternalista» dariola eta «anexionismoaren posiziotik» egindakoa dela iritzi dio ezker abertzaleak. «Nafar gixajoak gurekin elkartuta hobe» ibiliko liratekeela adierazten du Baztarrikaren gonbiteak, Barrenaren hitzetan. «Abertzaletasunari hainbertzeko mina egin dion jarrera anexionista eta integratzailea sumatzen dira proposamenean» eta, beraz, «Nafarroako gizarteak gaizki sentitzeko arrazoiak soberan» omen ditu.
Ofizialtasuna eta estatusa
Institutua sortzea eta gisako ekimemenek «egiazko arazoa desitxuratu» egiten dutela ohartarazi zuen Barrenak. Bere hitzetan, «gizarteak aldaketa eskatzen du», eta horretarako ezker abertzaleak hizkuntz politikan eman beharreko pausoak nabarmendu zituen: batetik, euskarari «ofizialtasuna» aitortu behar zaio lurralde osoan, tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuta; bigarrenik, «berdintasun estatusa bermatu» behar zaio.
Herrialdeen arteko elkarkidetza «errespetuzko galderatik» abiatu eta, «xedapen gehigarria edo hitzaldi anexionista» tresnak utzita, «zerbait berria sortzea» proposatu zuen Pernando Barrenak.