Aizkora | Latasaren omenaldia
Bost lehiaketa antolatu dituzte Latasa sunbildarra gogorarazteko
Egungo aizkolari guztiak, gaztetxoak, eta beteranoak, denek izango dira. Parte hartu eta lehian aritzeko parada ederra, beraz
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Egun handia izango da bihar Sunbillan, Latasa aizkolari handiari omenaldia egingo baitzaio. Urte batzuk badira bera zendu zela, baina bere herrian ez dira ahaztu berarekin, eta berak egindako lanarekin, eta ekinaldi ikaragarria prestatu dute.
Bihar goiz-eguerdi partean izango da ekinaldia. 11.00etan hasiko da, eta ordu horretan Latasaren eskultura estreinatuko da Herriko Plazan. Ordu erdi geroago bertsolarien emanaldia izango da, eta aizkolarien lana, 11.50etan hasiko da.
Ez da, gainera nolanahiko saioa izango, 100 aizkolaribaino gehiago izango baitira Sunbillako plazan lanerako prest. Oraina, lehena eta etorkizuna; denak uztartzen saiatuko dira antolatazaileak. Guztira bost lehiaketa, bost mailatan antolatuta prestatu dute, eta hori guztia antolatzeko lana ere ez da txikia izango.
Gaztetxoak, gazteak, Bigarren Maila, Lehen Maila, eta beteranoak arituko dira lanean. Lehiaketa oso laburrak izango dira, baina ez dago gehiago egiterik ere, bestela oso luzeak izango baitziren.
Halako lehiaketetan aizkolari onenek ikusmin handia pizten dute, baina kasu honetan denak izan daitezke ikusgarriak; agian, beteranoek harreta gehien deituko dutenak izango dira. Orain dela urte batzuk onenak ziren horiek ikusi ahal izango dira berriro ere enborraren gainean, nahiz eta batzuek urteak ere asko izan, eta hori zaleek ez dute galdu nahi. Arria II.a, Aierbe I.a, Ituarte, Arretxea, Mendizabal, Gorriti anaiak, Iruntxiberri, berriro ere Plazan izango dira, eta ahaleginduko dira, lehen zuten ikutu hura erakusten, nahiz eta urteak pasatu diren.
Maila nagusian ere, aizkolari guztiak izango dira, eta han arituko dira Mindegia, Olasagasti, Otaño, Nazabal, Larretxea, Peñagarikano, Mugertza, eta gainerako onenak ere han izango dira. Bigarren mailan, aldiz, Mujika, Belarra, Erdozia, Altzo, Arregi izango dira, besteren artean, lanean arituko direnak. Gazteen artean Rekondo, Attutxa II.a eta Mugertza anaiak, esate baterako, izango dira lehian. Gaztetxoetan, berriz, lau kirolari arituko dira, eta haiek ere saiatuko dira etorkizunerako beraiekin ere kontatu daitekeela erakutsten.
Eguna amaitzeko, nahi duten guztiak bazkari batean batuko dira, 14.30ean, eta horren ostean musikak hartuko du protagonismoa.
Ekinaldia hasi aurretik, Latasaren oroimeneko eskultura bat jarriko dute Herriko Plazan, Sunbillan, alegia, eta jaia, bazkari eder batekin, eta musikarekin amaituko da
Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligak jadanik badauka data, baita lekua ere. Urriaren 21ean izango da Altsasun, baina finalerako aizkolari bat falta zaio.
Larretxea, Nazabal eta Arrospide sailkatuta daude, baina laugarrenaren izena urriaren 7an aterako da. Egun horretan, Larretxea, Arria V.a eta Olasagasti neurtuko dira. Lehia Olasagastiren eta Arriaren artean dago eta bietan aurretik geratzen dena sailkatuko da.
Bizkaiko Irekian, berriz, finalerdiak noiz eta non jokatuko diren ez daude erabakita, baina bai nolakoak izango diren. Larretxea-Garitaonaindia Zubiaga-Rekondoren aurka neurtuko dira, eta Aldape-Arrospide, Arria-Atuxa II.aren aurka arituko dira.