GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Madrilgo etxe beldurgarria

Astea Auzitegi Nazional espainolean hasi zen zenbait euskal herritarrentzat, Espainiako erregea iraintzea egotzi dietelako. `Inuxenteak' halakoak, Suediako erregeaz hitz (edo barre) egin beharrean, espainiarraz egitea ere... Asteartean Madrilgo etxe hartako fiskalak EAE-ANVren ikerketa penala egiteko asmoa duela iragarri zuen, hamaika sumario eta sumariotzar gogorarazteaz gain. Asteazkenean Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen Laudion, kale erasoak egotzita, eta Auzitegi Nazionalarera eramateko asmoa agertu zuen. Egun berean Dignidad y Justicia (euskarara Gorrotoa eta Mendekua itzuliko nuke) elkarteak «Egunkaria»ko auzipetuentzako eskaera egin zuen, hamabi eta hamalau urteko kartzela zigorra, Auzitegi bereko zenbait epailek, bertako fiskalak auzia artxibatzeko eskatu arren, epaiketa egitea erabaki baitzuten. Atzo, osteguna, etxe santu berean Ertzaintzak hara eraman zuen gaztea kartzelatzeko erabakia hartu zuten, eta bederatzi lagun epaitzekoak ziren, salatu zutenez torturapean egindako deklarazioak akusazioaren oinarri direla.

Oraindik astea ez da amaitu eta zorioneko etxe hark gogotik egin du lan hainbat euskaldunen kontra. Nolanahi ere, hau ez da lanik gehien egin duen aste horietakoa, baina egun bakan batzuetan askatasun adierazpena, euskara, gazteria, tortura-susmo sendoak... bildu dira hara. Gobernu espainoletik, Espainiako edo Euskal Herriko alderdietatik nahi dutena esango digute, «terrorismoaren» kontrako jardun legala dela, etxe beldurgarri hura ETA desagerrarazteko tresna dela... Baina handik igaro den eta igarotzeko dagoen jende andana euskal gizarteko alor guztien ordezkari izan daiteke, eta horiek guztiak ETAkoak edo erakunde horren adarretako bateko kide badira, herri honek bere burua antolatzeko, bere hizkuntza eta bere kultura sustatu eta garatzeko, bere harremanak bideratzeko eskubidea duela uste duen orok ustekabean akusazio bera izan lezake gainean, talde armatu erraldoi bateko kide izatea, alegia.

Ez ote ditu honezkero urte gehiegi Madrilgo etxe ilun hark euskal herritarron bizitza baldintzatzen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo