GARA > Idatzia > Txirrindularitza

VUELTA | Hemezortzigarren etapa

Agurren egunean, Perezena izan zen pozgarriena

Vladimir Efimkinek kale egin zuen, CSC eta Euskaltel-Euskadi taldeek animatutako etapa politan

p046_f02_097x164.jpg

GARA | AVILA

Agurraren motibazioak garaipen eder bat eskuratzen lagundu zuen Luis Perez. Motibazioa, berriz, ez zitzaion nahikoa suertatu Vladimir Efimkini, podiumari agur esan zionari.

Bi horiek izan ziren aurpegia eta gurutzea Vuelta honen etapa politenetarikoan. Ez bakarrak, egun ezinhobea izan baitzen ere CSC eta Euskaltel taldeentzat. Baita Dennis Menchoventzat ere, aurrekoak etaparen animatzaileak izan baziren, errusiarrak egun gogor bat gainditu zuen eta garaipenaren bidean beste urrats bat egin zuen.

Argi dauka Rabobankeko txirrindulariak, hala ere, gaur sekulako borrokari aurre egin beharko diola, bere lidergoa mehatxuan jartzeko gogoak dituen txirrindulari bakarraren azken aukera Abantosen egongo baita. Azkenaurrekoan, atzo, lehen helburua eskuratu zuen: hankak podiumean jartzea; bere jokaera nolakoa den kontuan hartuta, eta betiere indarrak badauzka, gaurkoan Menchovekin duen hiru minutuko desabantaila hausten saiatuko da.

Atzo gertatu zen bezala, laguntzaile onak izan ditzake bere saiakeran, CSCko liderra ongi aritu bazen ere, Euskaltelekoak ez baitziren atzean gelditu. Samuel Sanchez eta Igor Anton faboritoen tropelean helmugaratu ziren; asturiarra sailkapen nagusian laugarren postura igo eta bizkaitarra lasterketa oso egoera onean amaituko duela erakutsi zuen. Izan ere, Antonek berak, Avilara heldu bezain laster, «gaur saiatuko naiz», adierazi zuen. «Gaur gastu handia egin dut eta ez dut mendatea oso ondo ezagutzen, baina gustura nabil eta saiatuko naiz», nabarmendu zuen. Hiru horien interes komunek emozioz bete dezakete lasterketa, beraz.

Atzo, behintzat, azken asteetan izan ez den emozio hori berreskuratu zuten txirrindulariek, lehen kilometrotik bizi-bizirik ibilitako jardunaldian. Mendate gogorrena gertu zegoela-eta, urduri ibili zen tropela irteera bertatik. Izan ere, laster sortu zen ihesaldi handia, gizon garrantzitsu guztien ordezkariekin. Ez zen, baina, bigarren lerrokoen eguna; aurrean desadostasuna nagusitzen zen eta atzean, berriz, borroka hasi zen.

Ihesaldian hiru lagun zituen Carlos Sastre eta berea izan zen lehen erasoaldia. Hala ere, gainrako faborito guztien erantzuna jaso zuen. Baina amaitzear dagoen lasterketaren -eta denboraldiaren- pisua gero eta handiagoa da eta sailkapenean ordura arte bigarren Vladimir Efimkinek amore eman behar izan zuen. Egun txarrena aukeratu zuen, dudarik ez, indarrik gabe geratzeko, ihesaldian zein geratu ziren kontuan hartuta: Dennis Menchov liderra, Cadel Evans, Carlos Sastre -Chris Sorensen, Christian Vandevelde eta Volodymir Gustov taldekideekin-, Samuel Sanchez eta Igor Anton, besteren artean. Vladimir Karpets eta Franco Pellizotti, Efimkin eta Beltran atzean zeudela ikusita, izan ziren lan egin ez zuten bakarrak; gainerakoak jo eta ke aritu ziren Avilara heldu arte.

Eraso indartsua

Borroka desberdina hasi zen pabadurara heltzerakoan. Eta saiatu zen lehenbizikoa izan zen garaipena lortu zuena.

Samuel Sanchezen erantzuna ez zen nahikoa izan Luis Perezek erasoaldian erakutsitako indarrari erantzuteko eta Andalucia-Caja Sur-eko gizona bakar-bakarrik helmugaratu zen, 40 segunduko aldea aterata azken kilometro horietan.

Egun ezinhobea, dudarik ez, horrelako garaipena eskuratzeko, atzo bertan aurreratu baitzuen ziklista madrildarrak, etapa hasi aurretik, txirrindularitza utziko duela aurtengo denboraldia amaitzen denean. 33 urte ditu Luis Perezek eta ONCE taldearekin estreinatu zen profesionaletan 1995. urtean. Ondoren, Vitalicion, Festinan, Coast-en eta Cofidisen aritu zen, Andalucia-Cajasur taldera heldu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo