«IK3» konpilazioak Ipar Euskal Herriko musika talde gazteen bozgorailua izan nahi du
Hirugarren urtez, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako talde gazteek ahotsa izanen dute. IK3 «iparraldeko konpilazioa» diskoa egin dute. Gaur eta bihar, diskoko taldeek Biarrizko Atabal aretoan joko dute.
Eneritz ZABALETA | BAIONA
Hainbat ahotsik gabeko talderi, haien lana ezagutarazteko aukera ematea. Horra hor orain dela hiru urte Hendaiako Lanetik Egina elkarteak egin zuen apustua, Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako talde `maketero'-en bilduma ekoizteko hautua hartu zuenean. Aurten, hirugarren konpilazioa izanen da, eta bertan hamar talderen kantuak entzungai izango dituzte diskoa eskuratzen dutenek.
Elkarteak, ekimena hainbat erakunderekin eramandako elkarlanari esker gauzatu du. Hala, bildumak CAEM-sud erakundearen eta Credit Agricole bankuaren gazteri atalaren sostengua dauka.
Aurtengo bilduman agertzen diren hamar taldeak, udaberrian egindako lehiaketa batean aukeratu zituzten. Lehiaketa horretara, 45 talde aurkeztu ziren, eta haietatik hamar aukeratu ziren: «Aukeraketarako, Ipar Euskal Herriko talde gazteak eta diskoetxeekin kontraturik ez dutenak aukeratu ditugu» esan zigun Frank Suarez, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) langile eta proiektuaren partaideak. Aukeratuen artean, euskaraz abesten duten taldeak daude; esaterako, Mak, Paco ta Marieder edo Okabe taldeak. Iaz, berriz, ez zegoen talde euskaldunik.
Kontzertuak Atabalen
Aurtengorako, bildumaren laguntzaile sarea hedatu du IK3 bildumak. Izan ere, EKEk kanta bilduma laguntzen du lehen aldiz. Baina, Biarrizko Atabal aretoarekin lortutako elkarlanak aukera berriak ireki dizkie taldeei. Izan ere, gaur eta bihar, taldeek kontzertua emango dute Atabalean. Aukera polita izanen dute delakoek, Suarezen arabera: «Aretoa berria da, eta bertan jotzeak taldeei baldintza onetan lan egitea ahalbidetuko die». Kontzertuetako sarrera bost eurokoa izanen da bi gauotan. Kontzertura joanen diren ikusleek, gainera, IK3 bilduma jasoko dute doan. Egitasmoaren helburua taldeak «Euskal Herri osoan ezagutaraztea da» Suarezen hitzetan, eta bilduma oparituta ahalik eta oihartzun zabalena eman nahi diete musika taldeei bildumaren egileek.