GARA > Idatzia > Zinema

ZINEMALDIA

Legez kanpoko abortuaren auzia Errumaniako komunismoan

Errumaniako komunismoaren azkeen urteetan girotutako filmak ireki du Zabaltegiko Perlen saila. Legez kanpo egiten den abortatze baten kasua hizpide hartuta, sekuentzia luze eta isilekin margoztu ditu Cristian Mungiu zuzendariak film luzearen zati nagusiak.

p053_f01_148x108.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Orain hogei urte Errumaniako komunismoaren amaieran girotutako lana da «4 lunis, 3 siptamini si 2 zile», eta bi ikasle gaztek legez kanpokoa den abortatze bat gauzatzeko igaro behar dituzten egoera gogorretan oinarritzen da.

Lau hilabete eskasen buruan Urrezko Palma jaso zuen Canneseko zinemaldian, eta Donostiakoan Fipresci saria eskuratu zuen. Abortatze ilegala hizpide hartuta, 80ko hamarkadan Errumaniako gizarteak zuen egoera islatu nahi izan du Cristian Mungiu zuzendariak. Horren arabera, filmaren kontakizuna «bizitzaren zati bat da, pertsonaien bidez ulertua».

Abortatzea filmaren erdigune bilakatu duen arren, «bizitzaren zati bat ulertzen» ere laguntzen duela azaldu zuen.

Plano sekuentzia luzeak eta soinu bandarik ez egotea dira Mungiuren lanaren ezaugarri berezienak. «Nire estiloarekin koherente izaten saiatu naiz. Hasieratik nekien harraldi luzeak egingo nituela eta ez zen hain zaila izan». Izan ere, inprobisazioak gustuko ez dituela onartu zuen, eta aktore nagusiei gidoi guztia zehatz-mehatz ikasteko agindu ziela nabarmendu.

Ildo horretatik, «konfiantzazko» aktoreak aukeratzen saiatu zela esan zuen. «Asko ikasteko gogoa izan behar zuten, eta indartsuak zirela erakutsi», adierazi zuen. Mungiuri «zehatza» izatea atsegin zaio: «Ez zait inprobisazioa gustatzen, gidoia zehaztasunez jarraitu behar da».

Zehaztasun horretatik abiatuta eutsi dio Cristian Mungiuk Errumanian hain korapilatsua izan den, eta oraindik izaten jarraitzen duen abortuaren gaiari. Jorratu beharreko gaia dela iritzi dio, eta horregatik azaldu zuen horri buruz era «askean» mintzatzeko gogoa zuela. Beraz, film luze «sinplea» egitea erabaki zuen, «musikarik eta hurbileko planorik gabe».

«Erabil daitekeen botere bat badagoela erakutsi nahi dut. Aktoreekin soilik egiten dut lan, eta beraiek helaraziko diote ikusleari helarazi beharrekoa», esan zuen. Gizartean abortatzeari buruzko eztabaida sortzea zilegi dela adierazi zuen, «batez ere Errumanian, haurdunaldia etetea legeztatu zenean milioi bat abortu egon zirelako». Abortatzearen ilegalizazioaren eraginez «moralaren falta» sumatu zuela, bai eta ongia eta gaizkia bereizteko atzera begiratzeko beharraz ohartarazi zuen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo