GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

Mendexa

Mendexa jadanik ez dago modan. Ez zaio periodikoetan albisterik edo zutaberik eskaintzen. Badirudi «normaltasuna» irudikatzeko sasoia heldu dela. Ondarroako gestora, behintzat, horrelaxe irten zen medioetara aurrekoan: biolentoek «presio» gutxiago egiten ei dute orain.

Hauteskundeetako lapurreta eta iruzurra arte inor gutxik ezagutzen zuen Mendexa. Beraneante askok ere ez dakite zubi erditik aurrera Lekeitio amaitu eta Likona auzoa hasten denik. Inporta ere ez. Gura duten bakarra Karraspion eguzkia hartzea da, herritarrok gure protestekin molestatu barik. Mendexako «gestora» legez: hilabetean behin herritik agertzeko asmoa ei daukate, duela pare bat aste egin zuten moduan. Jadanik kargu guztiak banatu dituzte eta benetan esan ahal dizuet gestora ona izango dela, zeren eta Mendexan egin dezaketen dirutza euren intereserako ondo gestionatzera dedikatuko baitira. Eta gainera, tximista baino azkarragoa izan zen bisitan herritarrei «errespetua» exijitzera ausartu ziren. Jo kontuak!

Mendexa, bere txikitasunean, interes handikoa da «alderdiarentzat». 400 biztanle inguru izango gara, baina ia zazpi kilometro karratutan gaude banaturik. Pentsa zenbat adreilu eta porlan sartu litekeen hor. Batez ere kontuan hartuta, albo-alboan dagoela Lekeitio eta han honezkero eraikita ez dagoen tokirik ez dela apenas geratzen. Eta horra hor agertu direla parakaidista trebeak, negozio bat bera ere galtzeko prest ez daudela argi uzteko. Mendexako herritar guztien gainetik pasatu dira, ANVri botoa eman diotenen gainetik, baina PNVko hiru zinegotziak aukeratu dituztenen gainetik ere bai.

Zenbaitek -Mendexan bertan bizi den baten bat barne- señoritoaren aurrean ondo geratzeko egunkarietan gezurra esan arren, herri osoak daki egon den presio bakarra PNVko jauntxo handiena izan dela, herriko alderdikideen iritzia eta erabakia zapaldu egin dutela. Herriko ANV eta PNVren arteko tratua zuzena da, batzarrak normaltasun guztiaz egin dira, kartelik ere ez da herrian ikusi... Presioa? Udal «demokratiko» horrek egin duen lehenbiziko gauza herria poliziakide armatuz betetzea izan da, euren jokabide lotsagarria babesteko-edo. Mertzenario hutsak dira eta jakin badakite. Hortaz, argumenturik ez daukatenez, indarrez lapurtu dute ez dagokiena. Presioa? Prentsarik aurrean ez dagoenean kasko gorririk ez da agertzen herritik eta «alkatea», Mendexar bakarra, lasai asko paseatzen da bertatik.

Benetako zinegotzi batek pasadizo polita kontatu zidan jaietan (oraingo «gestore» gehienek ezagutzen ez dituzten Mendexako jaietan, hain zuzen):

Hondartzan, duela urte batzuk, futbol partidak jokatzen zituzten eskualdeko gazteek, herrien arteko txapelketetan. Behin beste herri bateko gazteak hasi ziren «zelaia» prestatzen Lekeitioko Isuntzako hondartzan. «Porteriak» eta abar atondu ondoren, ortozik jokatzen zenez, harriak eta horrelakoak kentzeari ekin zioten. Bat hemendik, beste bat hortik... ia-ia dena zegoen prest, baina hantxe, erdi-erdian, harri bakarra falta zen kentzeko. Mutil bat hurreratu eta hondarretik ateratzen ahalegindu zen. Hasi zen tiraka eta tiraka, baina ezin. Berriro ahalegindu zen. Hondar apur bat kendu zuen ingurutik eta, hala ere, ezin. Lagunei deitu zien orduan, ea batzuen artean lortzen zuten. Besteek mutilarengana jo zuten. Tira, saka, tira, hondarra kendu... baina ezin. Aittita Makurra zen harri hura, marea biziek hondarraz tapatua zuten haitz handi eta itsasertzean ondo errotua dagoena.

Zinegotzi horrek horrelakoxeak garela esan zidan. Eta bai, hala da. Berdin da zenbat tiratzen duten, zenbat indar egiten duten erditik kentzeko, tapatuta eta isilduta egon eta ikusi ez arren, berton egongo gara beti, fenizio horien guztien popak, ostera, gero eta bistarago gelditzen diren bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo