Itziar Perez Segi gazte erakunde independentistaren izenean
Dena aldatu ezer ez aldatzeko
Orain kontsulta proposatzen duen PNV hori herritarren hitzari muzin egin, herritarrek eurek eskatutako kontsultak ukatu eta Boroako zentrala, errauskailuak edo Abiadura Handiko Trena inposatzen dabilena da
Galdutako posizioa berreskuratzera itzuli da herri honen mesias gisara ageri zaigun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakaria, bera buru duen instituzioak jada ez duela balio esan diogunean berriz itzuli da, Ibarretxe mesiasa.
Azken garai politikoaren abiapuntua egungo Estatu-nazioen antolaketa politikoaren krisia da. Espainiako Estatuaren kasuan bereziki larria da krisi hori, 30 urteko etengabeko borroka iraultzaileak areagotu egin duelako. PSOEri egokitu zaio, agintean dagoelako, estatuaren berregituraketa diseinatzea eta garatzea.
Bidea adosten saiatu zen, negoziazio prozesua deitu zaion horretan, eta porrot egin zuen Espainiako Estatuaren (PSOE) eta PNVren arteko aliantzak. Aliatuak dira bat egiten dutelako euren helburuetan. PSOEk Espainiaren egituratzea bermatu behar du, eta horretarako alderdi abertzale-burgesen aliantza bilatzen du. PNVk, berriz, orain 30 urte Estatuaren egituraren zati izatea erabaki zuen; markoa kudeatuz bere baitan biltzen duen burgesiari pribilegioen mantentzea bermatuz.
PSOEk prozesu horretan agerian utzi du ez dagoela prest Euskal Herria aitortzeko eta nazio gisa dagokion erabaki eskubidea onartzeko. Urte asko doaz hori erakusten: apartheid estrategiarekin, herrigintzan ari direnen aurkako erasoekin (18/98 eta gainerako sumarioekin), interlokuzio politikoaren aurkako erasoekin... Herri hau ukatzeko eraiki dute Espainiako Konstituziotik hasi eta Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan amaitzen den kaiola, pitzatuta dagoela inor gutxik zalantzan jartzen duen kaiola, ultraeskuina da lege egitura horren babes irmoa egiten duen bakarra.
Beraz, porrot batetik abiatzen den estrategia berritu gisa kokatu behar dira udaz geroztik PSOEk eta PNVk daramaten bidea. Lau herrialdeetarako marko demokratikoari uko eginda posi- zioa galdu zuen PNVk, eta iniziatiba berreskuratzeko planteamendua garatzen ari dira. Porrot orotan bezala, lehen urratsa porrotaren gidari izan direnen aldaketa dator, telebistako eleberri gisa garatu dute Josu Jonen agurra, Egibarren atzerako urratsa eta Ibarretxe mesiasaren itzulera. Dena aldatu duten itxura eman nahi dute, ezer aldatu gabe.
Eta EiTBn kontrakoa badiote ere, aliatuak dira PNV eta Estatua (PSOE, kasu honetan, kudeatzaile gisa). Ez, ala? Zer da bada PNV?
PNV da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egiten diren errepide guztietako lan esleipenak bere ingurukoei ematen dizkiena, autobideetako marrak margotzeko ere etxe etxekoen enpresak erabiltzen dituena. Euro Alderdi Jeltzalea da merkatu ekonomiaren aitzakian eskubideak salerosi edo zozketatzen dituena, gazteoi etxebizitzarako eskubidea ukatuz. PNV bera da komunikabide publikoak bere mesedetara jarri eta gazteoi hitza ukatzeaz gain, eguneroko balore atzerakoi eta moralinaz betetakoak txertatzen dabilena. PNV da, orain kontsulta proposatzen duen PNV hori bera, herritarren hitzari muzin egin, herritarrek eurek eskatutako kontsultak ukatu eta Boroako zentrala, errauskailuak edo Abiadura Handiko Trena inposatzen dabilena. PNV hori da.
Beraz, beste behin ere dena aldatuko duten itxurarekin ari dira, jakinik euren interesa ezer ez aldatzea dela.
Baina egitura horretatik gutxi batzuek jaten dute. Beraz, hemen ez gaude abertzale moderatuak eta erradikalak, ez. Hemen batzuk estatuarekin aliatu dira burgesiaren pribilegioak mantentzeko; eta beste batzuek guk lekukoa hartu dugun herriaren askapen prozesua abiatu zuten.
Askapen prozesu integrala hasten denean (independentzia eta sozialismoa), erresistentzia ikuspegi batetik hasten da. Baina hamarkadaz hamarkada lekukoa pasata, milaka herritarren lan xume eta iraunkorraren fruitua da Euskal Herriak berreskuratu duen nazio izaera, utopikoa zirudien autodeterminazioaren aldarrikapena ia eskuekin ukitu dezakegu, gaitz guztien konponbide zen autonomien Estatua krisira eraman dugu, Euskal Herrikoa gatazka politiko gisa da zapaltzaileen aurrean eta hori ikusarazi diegu Europari eta munduari... behin erresistentzia zena ofentsiba bilakatu da orain.
Alferrik dira jada demokraziaren hitz faltsuekin dabiltzanen hitz-jario hutsalak, prakak jaitsi dizkie herri honen borrokak. Beraz, nola uler daiteke orain, 2007ko udazkenean jada gainditua dagoen marko bati hauspoa ematen aritzea «abertzale» abizena jarrita? Azalpen bakarra aurreko lerroetan aurkitu dugu, diruaren epela eta burgesiaren biziraupenerako Estatua-PNV aliantza estrategikoa.
Beraz, gazteok etorkizun duina izan nahi badugu, eskubide guztien jabe izan nahi badugu, aske bizi nahi badugu, aliantza hori apurtu behar dugu, ezinezko egin behar dugu Estatuaren ordezkariek eta PNVk ezkutukeriaz sartu nahi diguten zatiketaren iruzura. Orain posible da garaipenerako ateak irekitzen dizkigun autonomian eta erabakian oinarritutako marko demokratikoa, borondatea da falta dena. Delakoa borrokaren bidez eraldatzen da, horretan aritu dira aurreko belaunaldi gazteak ere, eta horretan dihardugu guk.