GARA > Idatzia > Kirolak

Bat Formula Japoniako Sari Nagusia

McLaren da nagusi barruko tentsioen gainetik

Hamiltonek Munduko Txapelketa «garbi» irabazi nahi lukeela esan du Britainia Handiko hedabideetan eta Alonsok «pistan hitz egingo» duela erantzun dio

p042_f01_097x092.jpg

GARA | FUJI

Aspaldion gertatzen ari den moduan, McLarenen urak harro datoz, baina pistan ez dute areriorik aurkitzen. Hala, Japoniako Sari Nagusiko aurreneko entrenamendu saioetan Lewis Hamiltonek eta Fernando Alonsok denborarik onenak egin dituzte.

Alabaina, ez dago bakerik Ron Dennisek zuzentzen duen taldean. Aspaldion ezer handirik esan gabe bazegoen ere, aste honetan Lewis Hamiltonek Britainia Handiko hedabideetan hitzegin du eta horrek, sekulako harrabotsa sorrarazi du. Bat Formulako egungo liderrak Munduko Txapelketa «garbi» irabazteko asmoa duela adierazi zion aldizkari bati, izan berri den espioitza kasua gogoratuz.

«Aste hauetan jazo denak garbi erakutsi du zein dagoen taldearen alde eta zein ez», bota zuen hitzetik hortzera Lewis Hamiltonek.

«Ni iritsi berria nintzen denboraldi hasieran eta Alonso, berriz, birritan Munduko Txapeldun izana. Hala ere, egindako lanari esker errespetua irabazi dudalakoan nago. Aste hauen ondoren, taldearen eta nire arteko harremana sekula baino estuagoa dela antzematen dut», esan zuen britainiarrak.

Bere aldetik, Fernando Alonsok ez zuen adierazpenei erantzuteko asmorik azaldu. Horren ordez, aspaldion hainbestetan errepikatzen duen «pistan hitz egin» behar duela esan zuen.

«Datorren urterako ere kontratua sinatua dut Mclarenekin eta ez daukat zertan ez bete. Espioitza kontuei buruz, aldiz, ez dut esatekorik. Nire eginbeharra bete eta pistan hitz egitera mugatuko naiz», adierazi zuen asturiarrak.

Segundo bateko aldea

Tentsioak tentsio, Fuji mendiko zirkuituan nahi zuten guztia egin zuten McLarenekoek lehenengo saioan. Hala, goizean Ferrarik egin bazituen denbora onenak, arratsaldetik aurrera segundo bateko aldea gutxienez atera zieten «zilarrezko balek» atzetik zetozen guztiei.

Egungo lider Lewis Hamiltonek egin zuen eguneko denborarik onena, baina bidetik atera ere egin zen pare bat bider, beste gidari askoren antzera. Hamilton eta Alonsoren atzetik Massa izan zen hirugarren, eta Toyota eskuderiako Jarno Trulli italiarra laugarren, Kimi Raikkonenen aurretik.

Esan bezala, atzoko ezaugarri nabarmenetako bat pistatik irteera ugari jazo zirela izan zen. Fuji mendiko zirkuituan aurrenekoz leihatuko dira bihar eta, hargatik, bihurguneetan autoak probatu zituzten gidariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo