Nafarroan haur hezkuntzako «heziketa» aitortzen ez dela-eta helegitea aurkeztu dute
0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntzaren alde Nafarroan lan egiten duen plataformak Foru-Dekretu baten kontrako helegitea aurkeztu zuen atzo Iruñeko auzitegian. Azaldu zutenez, legeak agintzen duen «heziketa izaera» herrialde honetan ez dago bermatua.
GARA |
Nafarroako 0 eta 3 Urte Bitarteko Hezkuntza Zikloko Plataformak helegitea aurkeztu zuen atzo Iruñeko auzitegian martxoaren 26ko 28/2007 Foru-Dekretuaren kontra. Dekretu horrek haur hezkuntzako lehen zikloa erregulatzen du, eta ziklo hori ematen duten ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak zehazten ditu.
Plataformaren ekimenez, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta LAB eta STEE-EILAS sindikatuek helegitea aurkeztu zuten. Izan ere, euren hitzetan «dekretu horrek ez du Hezkuntzako Lege Organikoak haur hezkuntzarako agintzen duen izaera hezitzailea bermatzen». Azaldu zutenez, «2006ko maiatzaren 3ko Hezkuntzako Lege Organikoak (LOE) haur hezkuntza hezkuntza sistemako lehen fase bezala erregulatzen du». Ziklo horrek 0 eta 6 urte bitarteko haurrak biltzen ditu, eta horien heziketa eskubidea erregulatzen du. Lege horren 14. artikuluan «0 eta 3 urteko zikloaren izaera hezitzailea azpimarratzen dela» jakinarazi zuten plataformatik. Aipaturiko Foru-Dekretuan berriz, «zerbitzu hezitzailea ematen duten zentroak eta asistentzialak direnak» berdin jasotzen omen ditu, eta beraz, izaera hezitzailea izatearen derrigortasuna ez omen da bermatzen. Hogei egunetan jakinen omen dute erantzuna.
Legeaz haratago
Atzo aurkezturiko helegitean jasotzen den salaketaz gainera, plataformak Foru-Dekretuaren bertze alde batzuk ere gaitzetsi ditu. Hala ere, Hezkuntzaren Legeak horiek aitortzen ez dituenez, ez dute salaketa juridikoa egiteko aukerarik.
Hizkuntzari dagokiona da gaitzetsi duten alderdia. Foru-Dekretuak ez du aintzat hartzen Nafarroako hizkuntza aniztasuna, eta beraz, euskaraz ikasteko eskubidea ez dute bermatua hasierako ziklo horretako umeek.
0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako zentroek heziketa izaera ez omen dute bermatuta. Eta Foru-Dekretuak euskaraz ikasteko eskubidea ere ez omen du kontuan hartzen.