GARA > Idatzia > Ikusmira

Asteburu honetan, herriari hitza ematen ikasteko ikasgai praktikoa Aramaion

Abiadura Handiko Trenari buruzko iritzia jakiteko, egitasmo horrek zeharkatuko dituen hainbat herritan toki agintariek herri-kontsultak egin zituzten joan den uda baino lehen. Asmo bera azaldu zuten Aramaion 600 herritarrek, duela hilabete batzuk kontsulta egiteko proposamena Udalari egin ziotenean. Orduan, Estatu espainolaren delegatu Paulino Luesmak Udalaren kontsultaren aurkako helegitea aurkeztu zuen eta epaile batek debekua ezarri zion. Eta Udalak, garai hartan EAJk eta EAk osatua, atzera egin zuen. Ezker abertzalea, Alderdien Legeak ezarritako debekuaren ondorioz, Udaletik kanpo zegoen. Orain, aldiz, EAE-ANVk Alkatetzan duen ardura baliatu du herritarren nahia berriro ere Udalbatzera eramateko. Horrenbestez, atzotik hasita eta asteburu honetan zehar auzo alkateak hautatzearekin batera, herriari AHTren egitasmoaz iritzia galdetzeko kontsulta egiten ari dira. Eta Paulino Luesmak, Estatuko ordezkari gisa bere eginbeharra betetzen, helegitea aurkeztu du.

Epaileak Estatuko ordezkariak aurkeztutako helegitearen aurrean hartuko duen jarrera ezagutu gabe, argi dago AHTk zeharkatuko dituen herrietan zabalduta dagoen kezkak eta beldurrak adieraztea oztopatu nahi duela Madrilek, eta horretarako erabat zilegiak diren herri kontsultak ekiditeko ahaleginak egin dituztela.

Baina AHTren defendatzaileak ez daude soilik Madrilen. EAJ ere -eta EA eta IU Lakuako Gobernuan kide direnek ere ardurak konpartitu beharko dituzte- AHT gauza guztien gainetik inposatzeko prest agertu da behin eta berriro, eta herritarren iritzia ezagutzeko antolatu nahi izan diren kontsulten aurkako botoa eman izan du, Aramaion besteak beste. EAJk, PNVk, IUk... herriari hitza eman, eta herritarrek esandakoa errespetatzearen alde agertu ziren atzo Gasteizko Parlamentuan, eta ez da lehen aldia izan. Ingurumena eta bizi baldintzak erabat kaltetuko duenaren beldur direlako, AHT eta horrelako azpiegitura erraldoi bati buruzko informazio zehatza izatea eskatzen duten herritarrei, haien iritzia emateko aukerak eskatzen duten herritar kaltetuei ez diete erabakitzeko eskubiderik onartzen.

Atzo Parlamentuan eginiko diskurtsoetan Lakua osatzen duten alderdiek adierazitako demokraziaren aldeko hitzak benetakoak baldin badira, asteburu honetan aukera paregabea dute herriari hitza ematearen gaineko ikasgai praktikoa egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo