GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Herri batek bizirik iraun nahi badu, ezin ditu eskubideak negoziatu»

KHALIDA JARRAR
PAHF-KO PARLAMENTARIA
Khalida Jarrar Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF) parlamentariak Palestinak erronka garrantzitsua duela datozen urteotan nabarmendu zuen Askapenako brigadarekin egindako elkarrizketan.

Nola ikusten duzu egun Palestinan dagoen egoera?

Oso egoera larrian gaude uneotan. Okupazioak min handia egiten digu eta gure artean ere banatuta gaude. Ondorioz, oso ahul gaude. Israel palestinarren arteko banaketa bultzatzen ari da. Gu palestinarren arteko elkarrizketa bultzatzen ari gara. Gaza eta Zisjordania banatzearen aurka gaude. Hamasek egin duena gaitzesten dugu, baina baita ere Mahmud Abbasek Ehud Olmertekin [Israelgo lehen ministroa] egiten dituen bilerak ere. PAHFko kideak indarrak biltzeko lanean ari gara. Horretarako, Palestina Askatzeko Erakundea (PAE) erreformatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Palestinako Biltzar Nazionalerako hauteskundeak nahi ditugu. PAE palestinar ororen ordezkaritza da, baita atzerrian errefuxiatuak daudenena ere. Ezinbestekoa da PAEren politika goitik behera aldatzea. Osloko Hitzarmena alde batera utzi eta erresistentzia eta errefuxiatuak izan behar dira politika berri honen ardatzak. Egin behar dena gutxiengo horien inguruan akordio nazionala sortzea da. Aurre egin behar diogun arazoetako bat gu bakarrik egotea da. Beste herrialde arabiarrek ez dute gure borrokarekin bat egiten. Nahiago dute Israelekin akordio ekonomikoak sinatzea. Horrek oso egoera kritiko batean uzten gaitu. Munduan dagoen egoera ere gure kalterako da. Horregatik, palestinarrok gure herria indartzeko prozesu bati ekin behar diogu okupazioaren aurkako borrokan, errefuxiatuak itzultzeko duten eskubidean eta autodeterminazioan oinarriturik. Betiere, Palestina osoaz ari gara, lurralde guztiez.

Ez al zen hobea izanen PAE alde batera utzi eta okupazioaren aurka dauden indar guztiak bilduko lituzkeen beste erakunde berri bat osatzea?

Beste PAE bat osatzea oso zaila da. Kontuan izan behar da palestinar guztiak ordezkatzen dituen erakunde bakarra dela PAE. Palestinan eta atzerrian daudenak ordezkatzen ditu. Kontuan izan behar da palestinarren erdia atzerrian dagoela errefuxiatuta. Baina goitik behera erreformatu beharra dago PAE. Horretarako bilera ugari egin ditugu. Koalizio zabala sortu nahi dugu. Eta hori PAEren barnean egin beharra dagoelakoan gaude. Hori da Palestinako Biltzar Nazionalerako hauteskundeetara deitzeko nahiaren arrazoia. Horrek palestinarrei egungo egoerari buruzko iritzia plazaratzeko aukera emango die. Argi utzi nahi duguna zera da: Mahmud Abbasek ez duela PAEren izenean akordioak sinatzeko eskubiderik. Onartezinak dira azkenaldian sinatu diren hitzarmenak.

Baina PAEk, 1948ko lurraldeak ahaztu, eta Osloko Hitzarmena sinatu zuen, eta horrek erakunde horren zilegitasuna kolokan jarri du palestinarren aurrean.

PAEren zati batek sinatu zuen Osloko Hitzarmena, baina palestinarren gehiengoa akordio horren aurka dago. Berriro diot Abbasek ez duela gisa horretako akordiorik sinatzeko ahalmenik. Oso gai sensiblea da hori. Osloren aurka aritzeko erakundea behar dugu orain. PAE Palestina askatzeko sortu zen. Osloren aurka gauden alderdiok gehiengo gara orain eta erronka PAE erreformatzea eta Al-Fataren eskuetan ez dagoela frogatzea da. Palestina askatzeko borrokan gaudenok biltzeko erakundea izan behar dugu. Bestela, ezin izango ditu palestinar guztiak bildu. Horretarako, borroka da bidea. Negoziazioa soilik indartsu zarenean egin dezakezu. Negoziazioa ez da Israelek aurrean jartzen duena sinatzea oso ahula zarelako. AEBak zatiketaren estrategia jokatzen ari dira Ekialde Hurbilean. Irakeko kasua adibide bat baino ez da. Palestinarren arteko banaketa mantentzea eta PAE bitan zatitzea oso pozgarria izanen zen Washingtonentzat. Palestina independente baten alde ari gara borrokan eta gure ordezkaritza nahi dugu. Ez dugu nahi nazioartean Egipto eta Jordania gure ordezkariak izatea. PAE izan behar du palestinarren ordezkaria.

Benetan ikusten al duzu PAEren kontrola Al-Fatah-ri kentzeko aukerarik?

Al-Fatah oso ahul dago. Hauteskundeak galdu zituen eta orain Gaza galdu du ere bai. Bizirik irautea nahi dute orain. Gure betebeharra presio egitea da. Hamas alderdi nagusia izan daiteke orain, baina Mekako Akordioa sinatu zuenean eta Batasun Nazionaleko Gobernuan sartu zenean Aginte Palestinarraren alde agertu zen.

Eta zein da ezkerrak prozesu horretan duen betebeharra?

Gure helburua ezkerreko koalizio indartsua osatzea da. Baina ez bakarrik alderdi aurrerakoi eta demokratikoen artean. Helburua gizarteko mugimenduak aktibatzea da. Ezinbestekotzat jotzen dugu gure herritarrekin lan egitea. Bilera ugari izaten ari gara horretarako herrietan.

Hori guztia palestinarren eskubideak defendatzeko bidean al da?

Palestinarren eskubideez aritzen garenean, ez ditugu soilik eskubide nazionalak kontuan hartzen. Ezkerreko mugimendua gara eta guretzat oso garrantzitsuak dira eskubide sozial eta ekonomikoak. Orain dugun Aginte Palestinarra ez da benetako aginte autonomo bat. Zatiketan eta erabateko dependentzia ekonomikoan oinarritzen da. Gure herria bizirik irauteko borrokan aritu behar dugu. Ezarri diguten «merkatu libreak» jendearen pobrezia ekarri du. Ustelkeria nagusi da, agintari horiek euren interesak baino ez dituztelako kontuan hartzen.

Eta nola defendatzen dira palestinarren eskubideak?

Erresistentzia bide bakarra da. Soilik indartsua zarenean joan zaitezke negoziaziora. Horregatik, AEBak eta Israel Palestinaren erresistentziaren aurka daude. Baina ezin dena onartu egun pairatzen dugun ahultasunean negoziatzea da. Horiek hala, gure jarrera argia da. AEBak bultzatzen ari diren gailurraren aurka, guk NBEk onartu dituen erresoluzioak behingoz indarrean jartzea nahi dugu. Badakigu NBE ere AEBen eskuetan dagoela, baina erresoluzio horiek indarrean jartzea aurrerapausoa izanen litzateke. Okupazioari aurre egiteko eskubidea dugu. Al-Fata irtenbidea soilik negoziazioaren bidez etorriko dela uste du, baina horrek kolonia gehiago, Harresia eta preso gehiago ekarri dizkigu. Ezin da eskubideei buruz negoziaziorik egin. Eskubideak indarrean jarri behar dira. Ez dugu gure eskubideak negoziazio mahai batean egoterik nahi. ASKAPENA

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo