«Batasuna lortzeko Al-Fatarekin eta besteekin hitz egiten ari gara»
Nola ikusten duzu egun Palestinak bizi duen egoera eta nola azalduko zenuke Hamasen jarduera politikoa?
Palestina independente baten alde egiten dugu borroka. Hamas okupazioaren aurka eta estatu independente baten alde borrokan egiteko mugimendu islamista da. Estatu independentea lortzen dugunean, palestinarrak zein motako estatua izanen den haut atu beharko dugu eta guk islamismoaren alde eginen dugu. Horrek ez du esan nahi palestinar guztiak islamiar bihurtu behar direnik. Gure anaien artean islamiarrak ez direnak ere badaude eta guk errespetatu egiten ditugu.
Palestinan dagoen konponbiderik al du?
Gazaren eta Zisjordaniaren artean izan den banaketa ez da ona palestinarrentzat. Suntsiketa ezin daiteke helburu bilakatu. Abu Mazen, esate baterako, oso egoera ahulean dago Israelekin edo nazioartean negoziatzen duenean. Elkarrekin dagoen herria boteretsua da. Hemendik aurrera ezin dugu Israeli eta mundu arabiarrari begira egon, gure arazoak geuk konpondu behar izango ditugu. Eta alde horretatik, egin behar dugun lehen gauza okupazioarekin amaitzea da. Palestinarrak banandu nahi gaituzte. Gaza eta Zisjordania banandu nahi izan ez ezik, alderdi palestinarren arteko banaketa ere nahi dute. Gu batasuna konpontzeko elkarrizketak aurrera ematen ari gara bai Al-Fatah-rekin bai eta beste alderdiekin.
Palestina Askatzeko Erakundean (PAE) sartzeko gero eta gertuago al dago Hamas?
Aurre egin behar diogun arazoetako bat da hori. Palestinar guztiak bilduko dituen erakundea eraiki behar dugu gai politiko, ekonomiko, sozial eta segurtasunaz aritzeko. Baina horretarako, oinarriak aldatu egin behar dira. Ildo horretatik, Kairo eta Mekako akordioak sinatu ditugu.
Alderdiko ahots batzuek azken hauteskundeetara aurkeztea Hamasentzat akatsa izan zela diote. Ados al zaude?
Alderdi guztiak hauteskundeetara joateko eskubide dute eta herriak erabakitzeko eskubidea dauka. Ezin da esan hori akatsa denik. Dena den, Gobernua eskuratu genuenean, Hamaseko jende gehiegi zegoen bertan eta tekniko, akademiko edo inpendenteez ahaztu ginen.
Mendebaldeko komunikabide nagusietan Hamas agertzen denean, beti emakumeak eskubideak galtzeko arriskua dutela aipatzen dute. Egiarekin bat al dator irudi hori?.
Horiek zurrumurruak baino ez dira. Emakumeak Hamasen irudi makurra zabaltzeko erabiltzen dituzte. Baina hori ez da arrazoirik gabe gertatzen. Hamas alderdia Al-Qaeda sarearekin lotu nahi dituzte. Eta hori gezur galanta da. Hamasentzat, pertsona guztiak eskubideak dituzte. Guk bide demokratikoaren aldeko apustua egin dugu eta horregatik aurkeztu ginen hauteskundeetara.
Hamasen jardueran, behartsuen mesedetan egiten dituen lanak garrantzirik al du oraindik ere?
Bai, gure alderdiaren ezaugarri bat da hori. Lehen Intifadatik, Anai Musulmanen laguntzarekin jende behartsuari laguntzen egon gara, arlo sozialean edo karitate lanak eginez. Eta bide horretan jarraitzen dugu ere hauteskundeak irabazi genituenetik.
Hamasek Saudi Arabia, AEBen laguna dena, moduko herrietatik dirulaguntzak jasotzen dituela egia al da? Horrek zuen jarduera politikoa baldintzatzen al du?
Hamasek AEBek bultzatutako nazioarteko blokeoa izan du. AEBek ez zuten nahi guk jendearekin hitz egitea. Hauteskundeetarako arabiar herrietatik eta mugimendu islamiarretik laguntza ekonomikoa jaso genuen, bai herritarrengandik baita Gobernuengandik ere. Hala ere, elkartasuna adierazteko modu bat baino ez zen.
Hamasen sorreraren garaian, Israelen laguntza izan zutela esaten dute.
80eko hamarkadan Israel begiak soilik PAEn zituen jarrita eta ez zen batere arduratzen mugimendu islamikoak egiten zuenaz. Horrek hazteko aukera eman zigun, azkenean hauteskundeetan garaile atera ginen arte.