GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Hamasek akordio guztiak apurtu zituen»

MOHIB AWAD
AL-FATAH
Al-Fatah alderdiko Mohib Awad parlamentariak Ramalan egindako adierazpenak.

«Okupazioa da gure herriak pairatzen duen arazorik larriena. Israel ez da gelditzen. Hildakoak izaten dira edonon, baita bake prozesuan izan zenean ere, koloniak eraiki dituzte eta checkpoint gehiago jarri dituzte. Eguneroko bizitza ezinezkoa da palestinarrontzat. Honi, Harresiaren eraikitzea gaineratu behar zaio. Qalqilia eta gisako hiriak erabat itxi dituzte. Eta jendea atxilotzen jarraitzen dute. Abu Mazenen eta Ehud Olmerten akordioa dela-eta, 250 preso atera ziren kalera, baina berehala 1.000 pertsona atxilotu zituzten. Bake prozesuak ez du aurrera egiten Israelgo Gobernuak bakerik nahi ez duelako. 50 urte daramatzagu borrokan eta lortu nahi duguna bakean bizitzea da, munduko edozein herrik bezala. Bake hori lortzeko borrokatzeko eskubidea dugu», adierazi zuen Awad. Hitzarmenak baliogarriak ez direla onartzen badute ere, Abu Mazenek beste akordio bat sinatuko du aurki Ehud Olmertekin. Non dago Palestina herriarekiko ardura hori?

«Bake Prozesua gelditu zenean, PAEtik kanpo zegoen taldea garaile atera zen hauteskundeetan, Hamas, eta ez Al-Fatah. Ondoren, errazago zitzaien israeldarrei Hamasekoi "terrorista" deitzea Bake Prozesuaren alde lan egitea baino. Hauteskunde demokratikoak izan ziren, nahiz eta Hamasek irabazi. Demokrazian sinesten dugu eta emaitza errespetatu behar dugu. Parlamentuan berriro lanean jarri nahi dugu, Hamaseko kideak barne. Horregatik sinatu zuten Hamasek eta Al-Fatah-k Mekako Akordioa. Dena den, gauza asko aldatu behar dituzte», esan zuen. Emaitza errespetatuko dutela dio, baina Abu Mazenek Gobernutik bota zituen Hamaseko kideak. Mekako Akordioa PAEren erreforma aurreikusten zuen, baina hori betetzen ez zenez, Hamasek bere kabuz Gaza kontrolatzea erabaki zuten.

«Ideologia islamista duen taldea da Hamas eta akordio guztiak apurtu zituen. Gazan jazotakoa oso larria da. Lehen aldiz palestinarrak beste palestinarrak hil zituzten. Gure kulturan ez dagoen zerbait da hori. Ondoren, Gazan, islamiar ona nor zen eta nor ez erabakitzen ari izan dira. Islamismoa indartzeko jendea kalean jotzen egon dira. Palestinarren kausa suntsitu egin dute. Al-Fatah eta PAE 40 urte egon gara Israelen aurka borrokatzen; Hamasek egin ez duena. Guk ezin dugu beste palestinar batzuen aurka jo. Ez ditugu inoiz gure armak Hamasen kontra erabiliko. Arma horiek Israelen aurka borrokatzeko dira. Egoera honetatik ateratzeko, Abu Mazenek proposamen argia dauka: Indar Armatuen eraikinak bueltatu, barkamena eskatu eta sarraskiak egin dituztenak epaitegi palestinarren eskuetan jartzea», adierazi zuen, baina Al-Fatah-ren Polizia beste palestinar batzuen aurka aritu da. Adibidez, Israelen aginduak bete eta PAHFko agintariak atxilotu ditu. Al-Fatah-k ere armak erabili zituen Hamasen kontra, eta hildako ugari izan ziren. Nablusen, bestalde, ez dute bere herria Israelen aurrean defendatzen. Israelgo soldaduak datozenean, armak lurrean utzita hanka egiten dute.ASKAPENA

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo