GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta Erdiko sailkatzeko partida

Esainek eta Retegik iazkoa ekidin nahi dute gaur Zuian

Biek txapelketako final-hamaseirenetan parte hartzeko txartela ematen zuen partida galdu zuten 2006an

p044_02_148x92.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Lau eta Erdikoa hemen dago jada, urriari itxaron gabe. Hain zuzen ere, txapelketa horretan parte hartzeko azkeneko bi txartelak asteburuan banatuko dituzte. Iaz ez bezala, Iñaki Esain edo Julen Retegi final hamaseirenetan izango dira, biak aurrez aurre izango baitira gaur lehenengo sailkatze partidan.

Bi pilotari horiek Zuiako Palatu frontoian jokatuko dute, 17.00etatik aurrera. Esainek esperientzia handia du, baina 2006. urtean txapelketatik kanpo geratu zen Saralegiren aurka (22-21). Retegik, berriz, Kepa Peñagarikanoren kontra galdu zuen joan den urtean (22-11). Biek, beraz, ez zuten txapelketan jarraitu. Esan beharrik ez dago, beraz, biek iazkoa ekin nahiko dutela. Kanporaketa honetako irabazleak Mikel Goñiren aurka jokatuko du. Esainek irabaziz gero, Oronozkoak Lau eta Erdikoan irabazitako azken partida errepikatuko luke. Duela bederatzi urte izan zen hori.

Lau eta Erdiko txapelketan egon ahal izateko bigarren sailkatze partida bihar izango da, 17.00etan, Iurretako Olaburu frontoian. Kepa Peñagarikanok eta Iker Arretxek jokatuko dute elkarren aurka. Gaurko hitzorduaren kontrakoa gertatzen da lehia horretan, bi pilotari hauek final-hamaseirenetan egon baitziren iaz. Egia da Patxi Eugi eta Abel Barriolaren aurka galdu zutela (22-11 eta 22-4, hurrenez hurren), baina behintzat txapelketako jokoan sartzeko parada izan zuten. Peñagarikanok, gainera, Julen Retegiri berari irabazita sailkatu zen (22-17). Azpeitikoa, atzelaria izan arren, ondo moldatzen da lau eta erdian.

Dena dela, Arretxe gazteak abantaila txiki bat duela ematen du, hobeto moldatzen baita distantzia horretan.

Bestalde, Zuian ere partida erakargarri bat izango dute gaur aukeran ikusleek. Asier Olaizolak Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko du. Goizuetakoak Argote izango du bikotekide; Leitzakoak, aldiz, Mendizabal.

 
mikel goñi

Iñaki Esain eta Julen Retegiren arteko partidaren irabazleak Mikel Goñiren aurka jokatuko du.

peña edo arretxe

Beste sailkatze partidan, Peñagarikanok eta Arretxek indarrak neurtuko dituzte igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo