GARA > Idatzia > Kultura

Kolonbiara joango dira hainbat euskal dantza eta antzerki talde

Bihar Kolonbiako Manizales hirian hasiko da Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Bertan Euskal Herriko hiru antzerki-ikuskizun, bi dantza ikuskizun, kontzertu bat eta sukaldaritza tailerrak izango dira. Izan ere, aurtengo edizioan Euskal Herria da herri gonbidatua.

p050_f01_152x108.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Euskal Herriko sei dantza, antzerki eta musika proposamenek Kolonbiara egingo dute salto datozen egunetan. Izan ere, Manizales herrian Nazioarteko Antzerki Jaialdia hastear da, eta aurten herri gonbidatua Euskal Herria da. Hori dela eta, Gasteizko gobernuko Kultura Sailak Tanttakaren, Vaivenen, Markeliñeren, Kukai-Tanttakaren, Kukai-Logelaren eta Iñaki Salvador Quarteten lanak Kolonbiara eramateko elkarlanean aritu da Manizaleseko antolatzaileekin. Jaialdia gainera Kukai eta Tanttakako «Otehitzari biraka» lanak irekiko du bihar bertan.

Horiek hala, Kultura Sustatzeko Lakuako zuzendari Iñaki Gomezek Kolonbiara eramango dituzten lanen artean hiru antzerki ikuskizun, bi dantza ikuskizun eta kontzertu bat egongo direla argitu zuen. Honetaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte: euskal sukaldaritzaren tailerrak, hitzaldiak eta mahai inguruak.

Azkenik eta euskal zinema nazioartera eramateko, Kimuak katalogoko zazpi film labur ere emango dituzte; horien artean, Nacho Vigalondoren «7.35 de la mañana», Asier Alturanaren «Topeka» edo Borja Cobeagaren «La primera vez», eta baita hiru film luze ere; Fernando Bernues eta Mireia Gabilondoren «Kutsidazu bidea, Ixabel», Raul de la Fuente, Pablo Iraburu, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoaren «Nomadak TX» eta Koldo Serraren «Bosque de Sombras».

Manizaleseko Nazioarteko Antzerki Jaialdia 1968. urtetik antolatzen dute. Jaialdietan eskarmentu handia duen unibertsitate-hiria da, bertan jazzaren, liburuen, artisautzaren eta irudiaren gaineko beste hainbat jaialdi ere antolatzen baitituzte urtearen buruan.

Euskal talde guztientzat gainera ez da Latinoamerikara joaten diren lehen aldia, beste urte batzuetan ere parte hartu baitute jaialdian. Markeliñeko Joserra Martinezen kasua da horixe: «Guk izan dugu aukera Kolonbian egoteko, baita Korean ere, baina orain arte pasadizozkoa zen gure parte-hartzea. Oraingoan dugun babesarekin hango programatzaileak gurekin gogoratzea espero dugu». «Azpiegitura aldetik muga asko dituen jaialdia bada ere, oso gustura egon ginen bertan, lan egiteko ere beste erritmo bat dute», gaineratu zuen. Markeliñe «Txitxarra eta inurria» fabula klasikoa antzeztuko du Kolonbian.

Vaivenentzat, Antigona» eskainiko dutenentzat, ere ez da lehen aldia Latinoamerikan, taldeko zuzendariak, Ana Pimentak, agertutakoaren arabera iaz ere han izan ziren eta egun hauetan «antzerkiak Manizaleseko kaleak hartzen ditu areto nagusiez eta auzoetako areto txikiagoez gain».

Mireia Gabilondo ere izan zen aurkezpenean, batetik «Kutsidazu bidea, Ixabel» filma emango baitute, eta bestetik «El Florido Pensil» antzezlana eta Kukairekin batera «Otehitzari biraka» dantza ikuskizuna eramango baitute Kolonbiara. «Bestelako ikusleak topatzea oso aberasgarria da. `El Florido Pensil'ekin 10 urte bete ditugu jada eta `Otehitzari biraka'rekin Oteizaren berri kanpoan eman ahal izatea ere oso interesgarria da», esan zuen Gabilondok.

Kantautoreak eta jazza

Musikari dagokionez Iñaki Salvador Quartetek «Te doy una canción» izeneko kontzertua eskainiko du. «2008an kaleratuko dudan disko berria eramango dugu. Kantautoreen abestiak dira baina inprobisazioarekin jotakoak. Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Fito Paez, Caetano Veloso edo Laboaren kantuak jazzarekin nahasten ditugu», azaldu zuen musikariak.

Era berean, euskal sukaldaritza ere izango da Manizalesen Jose Juan Ijurko eta Patxi Lago «Titin» sukaldariekin, hurrenez hurren, Zubi-Musu sozitateko eta Loiolatarra Kirol Klubeko kide direnak.

Azkenik, Iñaki Gomez berak eta aipatu bi sukaldariek hitzaldi bana emango dituzte, lehena «Kulturaren Euskal Plana» du izena eta bigarrenak «Euskal Herriko herri-sukaldaritza eta sozietate gastronomikoak».

MAHAI INGURUA

Kolonbiako Manizales herriko Nazioarteko Antzerki Jaialdian mahai ingururik ere egongo da. «Arte eszenikoak Euskadin» izango da gaia eta parte-hartzaileak Fernando Bernues, Jon Maia dantzaria, Carlos Moran, Ana Lopez eta Peio Gutierrez izango dira.

Fitxa

Jaialdia: Manizalesko Nazioarteko Antzerki Jaialdia (Kolonbia).

Iraupena: Bihartik urriaren 15a arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo