Mos Def gidari dela, kaleko kultura eta hip hop eztanda BUM jaialdian
Kaleko kultura sustatzeko asmoz jaio zen Bilbao Urban Musikaldia iaz. Jaioberria koskortu egin da aurten eta Dj ikastaroa, kaleko saskibaloi lehiaketa edo graffitiak izango ditugu astean zehar, musika izar duen jaialdian. Radiation Toursek larunbat iluntzerako antolatu duen festak milaka gazte erakarriko ditu Bilboko zezen-plazara. Bertan, Mos Def eta Pete Rock, penintsulan emango duten zuzeneko bakarrean, izango dira gaztelerazko hip hop izar nagusiekin batera.
Anartz BILBAO | BILBO
Kaleko kultura eta rap musika ditu ardatz nagusi Bilbao Urban Musikaldi gazteak. Iaz, tartean Public Enemy, DJ Qbert edo Tote King bezalako izarrekin, indartsu ekin zion ibilbidean irmo jarraitzen du jaialdiak, eta aurten Mos Def eta Pete Rock izarren zuzenekoak eskainiko dizkigu etzi, gaztelaniaz aritzen diren rap izarrekin batera.
Gurean jaialditzarrak ugaritzen ari diren arren, ez da ohikoa oraintsu arte zokoratua eduki dugun rapari horrelako arreta eskaintzea. Honek eraginda, zenbait galdera egin dizkiogu Una Radiation antolatzaileari, hip hopa hobeto ezagutu nahian.
Bertako hip hoparen egoera nazioartekoarekin alderatuz, proposamen ezberdin, pertsonal eta originalak falta direla nabarmendu digu Unaik, hemen zein han. Gehiago omen dira kopiatzen dabiltzanak sortzen dabiltzanak baino. Freskotasuna, komunikatzeko gaitasuna... dira musika molde honen balioa eta badira proposamen arras interesgarriak hala ere, bide berriak zabaltzen ari direnak, Kanye West, Madlib, Mos Def edo The Roots kasu.
Jaialdira itzuliz, kaleko soinuen eredu izatea omen du helburu -hip hop, dancehall...-, Unairen hitzetan. Horretarako, Mos Def ekarri dute, penintsulan emango duen zuzeneko bakarrerako, baita Pete Rock ere. Generoaren barruan jaialdi koloreanitza antolatu dute, zaleak harrapatzeko gaitasuna duten kalitatezko artistekin. Musikaldiak ireki eta hazi egin nahi luke, hirian barna zabaldu, astebetez edo hilabetez garatu... Hau guztia, ordea, luzerako egitasmoa da, Radiation antolatzailearen etorkizunari lotua.
Hip hop jaialdia Bilbon egitearen egokitasunari dagokionez, bigarren mailakoa deritzo. Benicassim ere ez omen zen indie andana baten bizileku. Jaialdia Bilbon egiten da antolatzaileak bertakoak direlako eta Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak -azken honek maila txikiagoan-, dirulaguntzak ematen dituztelako. Aurrekontuaren zati handi bat hartzen du bere gain antolakuntzak, baina oraindik ere beharrezkoak eta ezinbestekoak dira aipatutako dirulaguntzak jaialdia batean edo bestean egiteko.
Antolakuntza mailako zailtasunei dagokienez, Unairen esanetan, gutxienekoak dira kontratazio, sustapen edo ekoizpen lanak. Sarrerak saltzea da neketsuena eta Radiationen badakite 30 euroko sarrera ordaintzea ez dela huskeria askorentzat. Ez omen da erraza oreka aurkitzea, merkatua guztiz apurtuta baitago.
Bukatzeko, Euskal Herriko rap egoeraz galdegin diogu Unairi. Baietz, gurean ere badugula eszena txiki, mugitu eta sakabanatu bat esan digu berak. BUM jaialdiaren asmo eta helburuak, hala ere, europeistak omen dira.
Rap zaparrada
Partaide guztien gainetik nabarmendu behar da Mos Def. Broo-klyndarra rapero ez ezik antzezle ere badugu, Spike Lee zuzendariaren «Bamboozled» edo «The Italian Job» bezalako filmetan ikusi dugunez, eta telebistan ere egin izan ditu bere sartu-irtenak antzezle, gidoilari eta ekoizle gisa. Musikari dagokionez, Black Star egitasmoan egin zituen hastapenak Talib Kweli lagunarekin batera, eta «Mos Def & Talib Kweli are... Black Star» debuta plazaratu zuen 1996an. Bakarkako lanean, «Black on Both Sides» argitaratu zuen lehenengo, eta «The New Danger» gero. Hip hop zaleen miresmena lortu eta «Sex, Love & Money» kantuak Grammy sarietarako izendapena jaso zuen. Azken lanak, iazko «True Magic» diskoan, lehendakari duen Bushi kritika zorrotza egin dio, besteak beste «Katrina Clap» kantuan.
Zuzeneko bakarra izango du Pete Rocek ere inguruetan. Bronxeko raperoak C. L. Smoothekin batera egin zituen aurreneko lanak. 1991n «All Souled Out» ep-arekin debuta egin eta «Mecca & the Soul Brothers» diskoarekin lortu zuten arrakasta. «The Main Ingredient» dute elkarlanean emandako azkena, 1994koa. Bakoitzak bere bideari ekin zion gero. Ekoizle gisa ospea lortu eta «Soul Survivor» plazaratu zuen 1998an, bakarkako lehenengoa. «NY's Finest» du azkena, aurten argitaratua.
Gaztelaniaz abesten duen rapero multzoak osatuko du afitxa. Bertan, La Mala Rodriguez nabarmendu dezakegu. Hego Ameriketan zehar «Malamarismo» aurkezten ibili ostean datorkigu andaluziarra. Lan berrian Julieta Venegas, Tego Calderon eta Raimundo Amadorren laguntza jaso du makina bat filmetako soinu bandetan parte hartu duen neskak, tartean Bigas Lunaren «Yo Soy La Juani» eta Julio Medemen «Lucia y el Sexo». Datorren urtean ikusiko dugun Antonia San Juanen «Tú Eliges» filman, ordea, kameraren aurrean jarri zaigu, antzezle.
Bukatzeko, Mucho Muchachoren 7 Notas 7 Colores berrantolatuak. Katalanek «Panoja!» atera dute oraintsu, Vadim Dj eta Principiante Mc valentziarraren laguntzarekin. Zaragozako Flowklorikos taldea, «Donde duele inspira» berria aurkezten eta Morodo madrildarra.
Scratch mintegia
El P raperoak Kafe Antzokian eskeinitako kontzertuarekin aurkeztu zen jaialdiak eskaintza zabala dakar, musikaz gainera. Atzo, esaterako, European Red Bull Scratch Conference izeneko jardunaldiak ireki zituzten Bilborocken, gaur eta bihar luzatuko direnak. Disko jartzaile iaioak izango ditugu bertan, plateretako teknika irakasten, goizez zein arratsaldez. Bihar iluntzean, gainera, Kodigo Norte, Ñete, Welelo eta Tres Monos bertako rap taldeek zuzenean joko dute bertan, eta gauean, Dj Yulian, GrandWizard Theodore eta Roc Raida mintegiko irakasleen zuzeneko erakustaldia, doan. Jaialdia biribiltzeko, street basquet partidak eta graffitiak izango dira larunbatean bertan Euskalduna zubipean.
Laburduraz Mos Def, Dante Smith izeneko artistak «True Magic» plazaratu zuen iaz eta bilduma bat aurten. Musika ekoizpenak eta antzezpen lanak tartekatzen dituen izarrak penintsulako kontzertu bakarra du Bilbokoa.
Taldeak: Mos Def, Pete Rock, Mala Rodriguez, Morodo, Flowklorikos eta 7 Notas 7 Colores.
Data: Etzi, larunbata 6.
Lekua: Zezen plaza (Bilbo).
Ordua: 18.00etan
Sarrera: 30/35 euro.