aritz sound system kazetari eta musika adiktoa
«Artixten» topaketa, adar desberdinetan ari direnen jaia
Larunbatean I. Artixten Topaketa ospatuko da Hernanin. Aspaldidanik genuen horrelako zerbait egiteko gogoa. Hernani eta inguruko herrietan, artearen adar desberdinetan ari diren lagunak elkartu eta denbora eta espazio berean eguna pasa. Maila ez profesionalean ari diren artixtak dira eta ez dute hedabideetan oihartzun handirik izaten. Normalean, bakoitzak bere esparruan antolatzen ditu ekitaldiak eta ez dira esparru desberdinetakoak ekitaldi berean ikusten (eta daudenean, antolatzaile batek egin du aukeraketa). Larunbatekoan artixtak izango dira parte hartuko duten edo ez aukeratuko dutenak, guztiak daudelako gonbidatuta. Ideia polita izan badaiteke ere, praktikan bere zailtasunak ditu. Lehenik eta behin, interesdunekin harremanetan jartzea ez da batere erraza. Harreman zuzena, ahoz ahokoa eta hedabideen bidez egindako deialdiak ez dira nahiko izaten. Denbora asko eta lan handia behar da (bereziki antolaketan lagun gutxi egonda). Ekimen berria egingo den lehenengo aldia denean, zaila izaten da jendearengana iristea. Era berean, lehenengo aldia izanda, jendeari kosta egiten zaio parte hartzea, «zer den ikusi arte» askok ez dute inplikatu nahi izaten. Lehenengo aldiaren beldurrak. Bestetik, esparru desberdinetan ari diren lagunak elkarren ondoan aritzeak koordinazio zailtasunak ekartzen ditu, batak besteari traba egin ez diezaion neurriak hartu behar baitira. Larunbateko ekitaldia kalean egingo da egun argiz. Urbieta kale luzearen zati bat itxiko da eta autoen ordez, musika, dantza eta marrazkiak nagusituko dira kalean. Artixta batzuek ohikoak dituzten gordelekuen babesa utzi beharko dute kaleko oihanean murgiltzeko. Horietako batzuek, gainera, gordelekuen segurtasunaz gainera gauak ematen duen babesa galduko dute ekitaldia egun argiz egingo delako. Musikari askorentzat ez da «giro» izango; teorian egunez jendea ez dagoelako «girotuta». Aurpegiak argiago ikusten dira. Dena den, ez dugu ekitaldi jendetsua izatea espero. Gure mugak ezagutzen ditugu eta ekitaldi xumea izango da. Zailtasunak zailtasun; musikarekin, dantzarekin, margoarekin eta gizakiak espresatzeko asmatu duen edozein tresnarekin aterako gara kalera. Jendea ikusle edo entzule huts izatetik sortzaile izatera gonbidatu nahi dugu. Kalera irten eta sentimenduak nahi duen bitarteko erabilita espresa ditzan nahi dugu. Hernanin, Urnieta, Astigarragan, Gorlizen edo Maulen. Gonbidatuta zaude.