Michelin: globalizazioaren... onurak?
Lasarte-Oriako Michelinen zuzendaritzak atzo sindikatuei langile kopurua heren bat murrizteko asmoa agertu zienean, haiek ez omen zuten espero. Izan ere, frantziar multinazionalaren joan den urteko emaitzak ikusita, nekez espero baitzitekeen horrelako erabakirik, ez baitu galera-arriskurik bat ere. Kendu nahi duen linea nagusi horrek, hain zuzen, etekinak ematen zituen. Multinazionalen logikan, ordea, globalizazioaren beharrak horrelako erabakiak eskatzen ditu; ez baita oro har gizartearen logika, eta are gutxiago langileena. Michelinek, globalizazio horretan urte askoko esperientzia duenak, Hobekuntzaren Plana aurkeztu du, baina «hobekuntza» horrek gutxienez 400 lanpostu ezabatzea ekarriko du, eta zeharkakoak kontuan izanda 800 izan litezke, Lasarte-Orian duen lantokia Gipuzkoako manufaktura gunerik handienetakoa baita. Multinazionalek beren propagandan pertsonenganako errespetua eta beste balio batzuk aipatzen dituzte, baina haien praktikak behin eta berriz gezurtatzen ditu lelo horiek. Hala, haien helburua, beste edozein faktoreren gainetik, ahalik eta denborarik laburrenean etekin ekonomikorik handiena lortzea da. Horren ondorioz, haien interesen araberako deslokalizazioa ohiko praktika da, langileei eta haien familiei dakarzkien langabezia eta prekarizazioari jaramonik egin gabe.