GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea

Engelsen «Etxebizitzaren arazoari ekarpena»

Mundu guztian burbuila inmobiliario izugarri batekin egiten topo egiten dugu, eta horrek langile klaseari gero eta zailago jartzen dio etxebizitza batean sartzea

Nahiz eta idatzi ziren garaiean oraindik sistema kapitalista garapenean egon, Marxen eta Engelsen lan askok erabateko gaurkotasuna mantentzen dute. Hori da Engelsek idatzitako «Etxebizitzaren arazoari ekarpena» liburuaren kasua. 1872an idatzi zuen eta bertan Europako hirietako industrializazio prozesuaren ondorioz sortutako etxebizitzaren arazo larria aztertzen du.

Engelsek dio etxebizitzaren arazoa ekoizteko modu kapitalistarekin lotuta dagoela. Bere ustez kapitalistek eta Estatu burgesak ez dute nahi eta ezin die etxebizitza duinarik bermatu lagile eta gizarteko beste kapa zapalduei, eta gainera kapitalismopean gertatzen diren «irtenbide» partzialak arazoa berriro birsortzen duten partxeak besterik ez dira. Horregatik, gainerako gai sozial oinarrizkoenek bezala, etxebizitzaren arazoek ezin dute irtenbide asegarri eta iraunkor bat aurkitu kapitalismoan. Beharrezko bihurtzen da, beraz, langile klasearen eta zapalduen bitartez burutako ekoizteko indar garrantzitsuenen sozializazioaren perspektiba hartzea. Gaur egungo errealitateak arrazoia ematen dio tesi honi: mundu osoan burbuila inmobiliario izugarri batekin topo egiten dugu eta horrek langile klaseari gero eta zailago jartzen dio etxebizitza batean sartzea. Venezuelako Gobernu iraultzaileak ere zailtasun handiak ditu bere etxebizitza programak aplikatzeko. Zergatik? Herrialdeko garraio, eraikuntza, porlan... enpresen jabe burgesek etengabe boikoteatzen baitituzte.

Liburu honekin Engelsek sozialismo burges txikiaren posizioei (Proudhonen ideiak jarraitzen dituztenak) eta burgesiaren gezurrei aurre egiten die. Sozialista burges txikiek «justizia iraultzailea» aipatzen dute eta burgesek, aldiz, «klaseen arteko armonia» defendatzen dute, baina azken finean biek alternatiba bera planteatzen dute arazoaren irtenbide bezala: langileek beren etxeen jabe egitea. Milioika langile eta herritarrek izugarrizko hipoteketan (50 urtekoak Euskal Herrian, 100 urtekoak AEBetan, 120koak Japonian...) sartu behar dute etxe baten «jabe» egiteko eta hipotekek soldataren erdia baino gehiago xurgatzen dute, gutxienez, kasu gehienetan. Horrek ez du etxebizitzaren arazoa konpontzen. Engelsek modu bikainean frogatzen du neurri horiek langileak gehiago lotzeko ahalegin erreakzionarioak direla, nagusien menpekoago bihurtuz langileak eta pentsamolde zeken bat birsortuz, jabe txiki eta esklabu izatearena.

Arazo horren aurrean, Engelsek planteatzen du langileak soilik direla gai, botere politikoaren eta ekonomiako palanka garrantzitsuenen (garraio, eraikuntza... enpresak) jabe egin ondoren, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko. Hutsik dauden edo gutxi erabiltzen diren etxebizitzak espropiatuz eta behar dutenen artean banatuz eta etxebizitza berriak eginez gero, hori lortuko litzateke. Gizarte sozialista gai izango litzateke langile eta beharrezkoa den herritar guztiei etxebizitza duin bat eskaintzeko alokairu baten truke, baina noski alkiler horrek soldataren zati txikia hartuko luke soilik.

Horrekin bermatuta geratzen da gainera langilearen askatasuna bere mugimenduetarako, gizarte kapitalistan behar indibidualak derrigortzen du langilea lan bila ibiltzera baina sozialismoan behar sozial bat izango litzateke eta lan indarraren banaketa arrazionala kontuan har- tuta herritarrek erabakiko lituzkete beren mugimenduak. Modu honetan bidea irekiko litzaioke etxebizitzaren arazoen desagerketari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo