EIRE, euskarazko unibertsitate liburuen gainean hausnartzen
Itzulpenak edo sorkuntza lanak bultzatu behar dira? Nola egin behar zaie aurre teknologia berriek ekartzen dituzten erronkei? Zein dira euskarazko unibertsitateliburuen ahulguneak eta indarguneak? Zein bilakaera daukate ekoizpenak eta erabilerak? Galdera horiei eta bertze anitzeri erantzuten ari da EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea mahai inguruetan. Materialen erakusketa ireki du Donostian eta gaur da bisitatzeko azken eguna.
Maider IANTZI |
EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak, euskarazko unibertsitate liburuak erakutsi zituen duela bi urte Bilbon. Iaz gauza bera egin zuen Iruñean, eta orain 443 argitalpen paratu ditu ikusgai Donostian, EHUko Ignacio Maria Barriola eraikinean. Elkartearen arabera, «euskarazko unibertsitate liburua, unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerkuntzan erabiltzen den argitalpena da; jatorriz euskaraz idatzia eta sortua, edo beste hizkuntza batetik euskarara itzulia». Definizio hori kontuan hartuta, Batzorde Zientifiko batek onetsi ditu liburuak.
Asteartean ireki zuten eta gaur da bisitatzeko azkeneko eguna (10.00etatik 19.30era). Gainera, mahai inguru bat dago iragarrita 10.30etik 11.30era, «Paperetik amaraunerako ibilbidea: ekoizpena, erabilera, ebaluaketa» izenburua duena. Komunikazio bulegoko Juanjo Arrospidek azaldu digunez, gero eta indar handiagoa dute formatu elektronikoek unibertsitatean ere, eta horrek ekartzen dituen erronka berriei egin behar zaie aurre. Hala, teknologia berrietan adituak diren pertsonak gonbidatu dituzte -blogariak, Wikipedia osatzen dihardutenak... -, gomendioak eman eta nondik nora joko luketen adieraz dezaten. Ondoren, 12.00etan, liburu berri bat aurkeztuko dute Arantxa Gorostiagak eta Nekane Balluerkak: «Ikerketa metodoak eta diseinuak psikologian».
Erakusketa zabaltzeko ekitaldian jakinarazi zutenez, garbi ikusten da 1990etik hona ekoizpenak etengabe egin duela gora. Erabilpenari dagokionez, ordea, makalago gabiltza Angel Bidaurraga EIREko koordinatzailearen arabera. Daturik eman ez zuen arren, eskura ditugun materialak,ezjakintasunagatik edo bertze arrazoi batzuengatik, behar adina erabiltzen ez ditugula baieztatu zuen. Hortaz, dagoena plazaratzeak duen garrantzia nabarmendu zuen.
Ikusten ez dena ez da existitzen
Berrehun bazkide baino gehiago ditu EIREk eta unibertsitatean euskararen garapena sustatzea du xede. Zehazki, erakusketaren proiektuaren bidez, hiru helburu lortu nahi ditu: alde batetik, euskarazko unibertsitate liburuen ekoizpena gune fisiko batean plazaratzea, «ikusten ez dena ez baita existitzen»; bertzetik, ekimenaren inguruan elkartzen den jendeak harremanak izatea eta etorkizunerako sinergiak bideratzea; eta, azkenik, indarguneak eta ahulguneak identifikatzen laguntzea.
Bereziki ikasleei eta irakasleei zuzendua dago egitasmoa, eta «lau leiho» ditu. Urteroko erakusketa ibiltariaz gain, Bilboko Euskararen Etxean eta Nafarroako Liburutegian, Iruñean, urte osoan ikus daitezke argitalpenak; Interneten, www.eireka.org helbidean ere egin daitezke kontsultak; eta disko bat osatu dute lanak jendearengana gehiago hurbiltzeko asmoz.
Atzo mahai ingurua egin zuten ekoizpenaren, erabileraren eta salmentaren inguruan hausnartzeko. Bertan, EHUren ikuspuntutik mintzatu zen Ludger Mees Euskara errektoreordea. Ezer baino lehen, itzulpenak edo sorkuntza lanak sustatu behar diren galdegin zuen. Bere ustez, biak bultzatu behar dira eta unibertsitate publikoak badu erantzukizunik horretan. «Gero eta ikasle gehiagok ikasten dute euskaraz; gure kalkuluen arabera, bizpahiru urte barru gaztelania aukeratzen dutenak baino gehiago izanen dira gure hiru campusetan eta aurrerapausoak eman beharko dira materialgintzan», jakinarazi zuen. Euskarazko merkatua hagitz murritza dela ere ohartarazi zuen: «Tamalez, ez dugu lortu liburu zientifiko eta akademikoak irakurtzeko ohitura sendotzea».
Udako Euskal Unibertsitateko Xabier Isasik nabarmendu duenez, kanpaina zabala eta iraunkorra jarri behar da martxan unibertsitateko ikasle euskaldunei zein argitalpen dauden ezagutarazteko.
Ludger Meesek bezala, Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoak euskararen mundua txikia dela nabarmendu zuen atzoko solasaldian. «Errealistak izan behar dugu; irakurle gutxi dago bai literaturan baita unibertsitatean ere. Irakasleek ikasleei eskatzen dizkieten liburuak dira zabalpenik handiena dutenak». Lan izugarria egiten ari dela baieztatu zuen -«Ikusi besterik ez dago zenbat atal landu diren eta zenbat argitalpen dauden orain hogei urte ez zeudenak»-, baina instituzio eta erakundeek lorpen horiek garaikur gisa erabiltzen dituztela ohartarazi zuen. «Barruan dagoenak badaki harago joan behar dela eta materialgintzak bizia izan behar duela. Filosofian, esaterako, erdibideko liburuak falta zaizkigu, hau da, filosofoek diotena ulertzeko material lagungarriak», azaldu zuen.
Xabier Isasi UEUko ordezkariak ahulgune horietan sakondu zuen, baita indarguneetan ere. Idazkuntzari dagokionez, erran zuen irakasle eta ikertzaile euskaldunek prestakuntza akademiko nahikoa dutela, baina sakabanatuak daudela eta elkarren berri gutxi dutela. Idazteko prestakuntza eskasa dutela ere jakinarazi zuen: «Egia da trebatzea norberaren lana dela; laguntza gehiago ere eman liteke, ordea». Isasiren aburuz, nahiz eta erabiltzaile kopuru esanguratsua eta teknologia berrien laguntza izan, ez dago plazaratzeko irizpide nagusirik; argitaletxe «handiek» ez daukate interes handirik horretan. Dendetan eta liburutegietan aurkitzeko zailak izatea, garestiak izatea, beharretara egokituta ez egotea eta ikasleek -euskaldunek bereziki- testuliburuak erabiltzen ez jakitea dira aipatu zituen bertze ahulgune batzuk.