Julio Villanueva Iruñeko espetxea
Amalurraren defentsan, erleen taktika
Duela 30 bat urte lehen ahots kritikoak agertu ziren: Lurra ez zela mugagabea eta garapen eredu xahutzaile hura jarraituta, gure planetarenak eginen zuela.
Mezu horiek ez ziren betiko lau ekologista«zororenak»; ospe handiko zientzialarienak baizik. Kasu eskasa egin zitzaien, eta kontsumokeria neurrigabean oinarritutako garapen ereduari eutsi zitzaion.
Egun, aldiz, berotze globalak dakarren aldaketa klimatikoa, denon ahotan dagoen mintzagai bihurtu da. Politikariek, haien diskurtsoetan halabeharrez sartu behar izan dute, jendearen sentsibilitatea aldatu delako. Orain, gobernuak, multinazionalak eta erakunde oro munduko «ekologistenak» dira. Antza, arazo ekologiko guztiak sendatuko dituen botika miresgarria atzeman dute: garapen iraunkorra.
Baina, mozorro horren atzean betiko jarduera harraparienak eta azpiegitura suntsitzaileenak ezkutatzen dira. Irakurle «ezjakina», konturatu ez bazara ere, AHT, Itoiz, Jaizkibelgo portua eta Euskal Herria zeharkatzen duten autobiak -adibide batzuk aipatzearren-, garapen iraunkorreko azpiegiturak omen dira.
Amalurra ahitzen ari dira, eta harekin batera geu ere, bere baitakoak baikara. Bitartean, jendarteak, egunerokotasunari atxikiak, ezer gertatuko ez balitz bezala, aitzina segitzen du. Aitzina ote?
Zuzenbidean badago defentsa modu zilegia, zure bizitza edo besteena arrisku larrian daudenean: defentsa bidezkoa, alegia.
Bada, defentsa bidezkoaren ordua iritsi da, Amalurrak bizirik segituko badu. Hitzen garaia bukatu da. Alta, ekintza, boikot eta, oro har, desobedientzia zibilaren tenorea heldu da. Jarduera hau, batzuetan legala, besteetan ilegala izanen da. Izan ere, historian zehar, bidezko eskubideen alde borrokatzeko (esklabutza, kolonialismoa, militarismoaren aurka, adibidez) legaltasunaz gaindi ekin behar izan da maiz sarritan, sari mingotsa ordainduz aipatu eskubide horiek lortze aldera. Finean, legaltasun lerro guztiz subjektiboa baita, botereak ezarria gu kriminalizatzeko. Lekuko gisa, AHT-ren lanak salatzeagatik gertatzen ari diren epaiketak lekuko.
Etsaia handia da, baina bere handitasunean txikia, bere puntu ahul guztiak babestu ezin dituelako.
Gu, berriz, txikiak gara, banan- banan ahalmen eskasekoak, baina denak batera nork berea eginaz, munstroari aurre egin ahal diogu (gogoan hartu Val Susa-ren adibidea).
Erleak ere txikiak dira, baina denek bat eginda defendatuz gero, beren erlategian sartzen den edozein arerio uxatu eta menderatzen ahal dute.
Ikas dezagun beraiengandik eta eraso diezaiegun heriotzaren aldeko indarrei, bizitzaren ezti guztia lapurtu baino lehen.