GARA > Idatzia > Saskibaloia

ACB Liga

Kupoen auziak botere bila ari direnen gerra berriro piztu du

ACB Ligak, ABPk eta Espainiako Federazioak Estatu espainoleko eta atzerriko jokalari kopuruak erregulatuko dituen ituna berrikusi behar dute denboraldiaren amaieran. Hala, espainiarrek ez dagozkien pribilegioak izaten jarrai dezakete, ACB Ligaren kaltetan

p039_f01_097x160.jpg

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

ACB liga hastetik bi egunera ez da ziurra hasiko denetz. Kupoen legeak ACB Ligan parte hartzen duten taldeek egin ditzaketen fitxaketak mugatzen ditu, baina 2008an amaitzen dira, berez. Liga bera, Espainiako federazioa eta ABP espainiar jokalarien sindikatua boterea lortzeko gerra batean sartu ditu beste behin, duela hiru urte bezala. Will McDonalden auzia tartean dela, borroka hastear da berriz.

Denboran atzera joan ahala, 2005eko kanporaketen atarian ABP Espainiako Jokalarien Sindikatuak greba bultzatu zuen. Arrazoia, «atzerriko jokalariek bertokoei bidea ixten» zietela. Alabaina, «atzerritar» horiek Europear erkidegokoak ziren, espainolek bezala inolako muga gabe erkidego barruan lan egin zezaketenak, Bosman kasu famatuak argi utzi zuen legez.

ABP eta FEB, Espainiako Saskibaloi Federazioaren kexua «B Komunitario» zeritzaienak; hau da, Europear Batasuna 15 estatutik 27 estatura jauzia ematean sartuko ziren nazionalitateko jokalariengatik zen. Bertan Eslovenia edo Lituania saskibaloi tradizio handiko herrialdeetako jokalariak iritsiko baitziren -Kolpak sententzia oinarritzat hartuta- . Horretaz gain, Mazedonia, Turkiako eta Kroaziako jokalariek ere erkidegoko izaera izango zuten hurrengo hedatzerako hautagaiak baitira.

Jose Luis Llorente jokalari ohiak gidaturiko ABP sindikatuak, egoera horri jasangaitza iritzi zion eta grebara jo zuten. «Gure etxean jazarriak eta gaizki tratatuak gara», zioen Llorentek. «Ez dugu etsiko espainiar eta atzerritarren arteko egoera orekatu arte».

ABPren eta FEBen presio neurri horrek arrakasta lortu zuen eta ACB Ligak, Kirol Kontseilu Gorenaren -CSD- bitartez, hiru urteko hitzarmena izenpetu zuen taldeak eta hala eginaraziz: Espainiako selekzioan joka dezaketen lau jokalari izan behar dira gutxienez 11 jokalariko talde batean eta bost, tartean 22 urtetik beherako bat 12 jokalariren artean. Atzerrian jaio eta espainiar nortasuna lortu dutenak ere onartzen dira itun horretan.

Gainoerakoak, berriz, «komunitario» eta «extrakomunitarioen» artean banatu behar dira. Hala, gehienez bi extrakomunitario izan ditzakete taldeek -gutxiago ere bai, baina ez gehiago- eta gainerako jokalariak «FIBA eremu» barrukoak beharko dira. Orotara, 50 herrialde.

Legea, tranpa eta pribilegioak

Beste behin ikusten da legea eta tranpa eskutik datozela. 18 talde daude ACB Ligan, 11 edo 12 jokalariz osatuak. Hala, gehienez 216 jokalari daude izena emanda. Horietatik, legez, 72k Estatu espainoleko pasaportea behar dute izan; hots, ACB Ligaren herenak.

Hala, jokalari espainol bat kontratatzea askoz garestiagoa da beste edozein kontratatzea baino. FIBAk azkenaldian Estatu espainolari eman dio «Europako harrobi onenaren» saria, baina Estatu espainola ez da handiegia eta ez dira horrenbeste saskibaloian jokatzen dutenak. Are gutxiago, ACB Ligak -Munduan bigarrena da NBAren atzetik; hirugarrena, Euroliga kontuan hartuz gero- eska- tzen duen maila emango dutenak.

Zoritxarrez, ABPek herkideak kanpora jokatzera joan eta jokalari gisa hazi daitezen sustatzea baino -NBAra joan direnez gain, Diego Fajardo, Jorge Garbajosa edo Albert Mirallesek erakutsi zuten bere garaian Italian profesionalki hazterik bazegoela, Galilea, Morales, Ferran Martinez edo De Miguelek Grezian erakutsi zuten bezala- nahiago du ligaren maila eskatzen duen lege bat ezartzea, mehatxua eta hiriburuko kirol hedabideen aldetik intoxikazioa erabilita.

Hala ere, Espainiako jokalariek Europear Batasunekoen aldean duten abantaila inork ere ez du salatzen. Zergatik? Esan bezala, ACBk, ABPk eta Federazioak hitzarturiko itunean «FIBA eremuko» jokalariak komunitariotzat hartzen dira; hau da, Europear Batasuneko 27 estatuak, Mazedonia, Turkia eta Kroazia, baina baita Serbia, Bosnia edo Errusiako jokalariak ere. Salaketa batek arazo bat konpon lezake, baina beste bat sortu. Beraz, gauzak bere horretan lagako dira denboraldia amaitu arte.

Bada, 2007/08 denboraldia izango da, printzipioz, kupoak erregulatzen dituen hitzarmena eta, jakina zen bezala, ABP sindikatua, Federazioaren laguntzaz, denboraldi amaierako berrikusketa ari da prestatzen, pribilegio egoerari eusteko.

Borroka horren ondorio da «nazionalizatu« eta «asimilatuen» kontua ere bai. Bi urtean hainbat jokalari Estatu espainoleko emakumeekin ezkondu dira, azken buruan, espainiar pasaportea erdiesteko. Orain arte, Venson Hamilton, Dimitri Flis, Pedja Savovic eta abarrek ez dute arazorik ukan espainol gisa jokatzeko. Orain akordatu zaie «gezurrezkoak» ote diren ezkontza horiek.

Asimilatuekin ere antzera. ABPek eta FEBek kriterioak aldatu dituzte, Fischer, Barnes, Tutt, Ndong... bezalako kasuak «huts-egiteak» direla esanez. Orain, gainera, «McDonald afera» dago. McDonald komunitariotzat onartzeko baldintza bat bururatu zaio Llorente jaunari: extrakomunitario kopurua batera murriztea.

Ez da erraza asmatzen zein sindikatu motako burua den «Joe» Llorente: jokalariena, ala «familiako» burua. CSDk bere lekuan eutsiko al dio.

«Joe» sindikatu burua

McDonald komunitariotzat onartzeko, extrakomunitario kopurua bakarrera murriztea nahi du espainol jokalarien sindikatu ABPek. Jose Luis «Joe» Llorente zer-nolako sindikatu burua den ez da erraz jakitea: jokalariena ala «familiakoa».

LEB Ligan «gezurrezko ezkontzak» ikertuko dira

Espainiako Federazioak espainolen kupoak ezarri nahi dizkio ACB Ligari, baina bere ligetan -LEB eta EBA Ligan, baita emakumeen Ligetan ere- ez dago kuporik. Hala, CAI Zaragoza liderra bi espainolekin aurki dezakegu, baina FEBeko presidente Jose Luis Saezi ez zaio, nonbait, ACB Ligan bezain asaldagarri iruditzen.

Dena dela, azken orduan, badirudi CSDren protesta zenbaitek iohartzunik izan duela Federazioan. Hala, LEB -urrea, zilarra eta brontzezko LEBa, esan nahi da- Ligako taldeei «gezurrezko ezkontzarik dagoenentz ikertzeko» eskatu du. Bazen ordua!

G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo