Pertsonaien ahuluneetan sakontzen duten ipuinak sortu ditu Karmele Jaiok
Hamabost istorioz osatutako liburu berria kaleratu du Karmele Jaio gasteiztarrak. Ezberdinak dira kontakizunak, baina ahulezia agertzen da orotan nabarmen, «pertsonen hauskortasuna edo biguntasuna». Hortik liburua bataiatzeko hautatu izenburua bera: «Zu bezain ahul».
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Bere hirugarren liburua du hau Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970), Xabier Mendiguren editorearen aburuz, «aurreko bien arrakasta-bidea izan dezakeena». 2004. urtean «Hamabost zauri» kaleratu zuen, ipuingintza arloan, eta iaz, aldiz, «Amaren eskuak», bere lehen eleberria. Esparru batetik bestera egin duen joan-etorriaz itaundu zitzaion atzoko aurkezpenean, eta argi mintzo zen bera: «Ipuinetara itzultzea bilakaera naturala izan da. Idazten hasi nintzenetik orain arte nobela bakarra idatzi dut eta hainbat ipuin. Beraz, eskarmentu handiagoa dut ipuinak idazten eta neure burua trebeago ikusten dut ipuingile nobelagile baino». Finean, «gauza txiki bat esanda mundu oso bat erakustea da» ipuina, «eta horregatik dut gogoko».
Oraingo honetan ahulak diren pertsonaiak ekarri ditu bere istorioetan, hori da komunean dutena. «Dudarik gabe interesgarriagoa da pertsonaia baten ahuluneetan arakatzea haren alderdi indartsuetan baino», azaldu du, «konfilktorik gabe ipuinik ez» dagoela iritzita. «Uste dut denok garela ahulak, denok ditugula ahuluneak. Zenbait arte martzialetan -erantsi du- erakusten dute aurkariaren puntu bat ukitze hutsarekin aurkaria bertan behera botatzen. Eta puntu ahul horiek agertzen dira ipuinetan; ukitzearekin bakarrik suntsitzen zaituztenak».
Kontzientzia hizlari...
Hori guztia lortzeko, gasteiztarrak ipuin gehienak bigarren pertsonan idatzi ditu, «horrela iruditzen zaidalako pertsonaiaren kontzientziak hitz egiten duela. Kontzientziak pertsonaiari esaten dio egiten ari dena ez dagoela ondo, atzaparra zuzentzen du berarengana eta esaten dio dituen ahuleziak ikusten ditela, nahiz eta besteen aurrean horiek ezkutatu nahi. Indarra hartzen du testuaren tonuak, nire ustez, bigarren pertsona erabilita», aitortu du.
Denbora igarotzea ere ageri da «Zu bezain ahul» lanean. Zera dio: «Gaur ez gara atzo izan ginen pertsona bera. Eta hori erakusteko, joko handia ematen dute denbora askoan ikusi gabeko pertsonaien topo egite edo herrira itzultze egoera horiek. Askotan, gainera, halako enkontruak gertatu arte bat ez da konturatzen hainbeste aldatu denik. Ipuin batean esaten den be- zala, haren zimurretan ikusten ditu batek bereak. Eta ez naiz zimur fisikoez bakarrik ari».
Idazkerari dagokionez, bestalde, estilo soila baliatu du Jaiok, «baina bilatutako soiltasuna» dela ere argitu du. «Hamabost zauri»-ko ipuinetan baino garbiketa lan handiagoa egin duelakoan dago. «Hartan ere ipuinetako soberazko hitzak kentzen ahalegindu nintzen -gogorarazi du-, baina oraingoan gehiago saiatu naiz horretan, testuak biluzten saiatu naiz, bisuteriazko hitzak edo apaingarriak baino ez direnak alde batera uzten eta bakarrik ipuinean funtzio bat betetzen dutenak mantentzen».
Ipuinak maite dituen arren, Karmele Jaiok hurrengo nobelarik ere ba ei du buruan.
«Mina, beldurra, ezinegona sortzen duten egoeretan bakarrik aurkitzen ditut nik istorioak. Minik edo ezinegonik ez badago, ez dut ikusten istoriorik», laburbildu du Jaiok.
Pozik ez dauden pertsonaiez ari da Jaio: enpresa munduan arrakasta handia, baina bere bizitza hutsunez beteta dagoela ohartzen den gizona; haurrik ezin duela izan sumatzen duen emakumea; urtetan kartzelan izan ostean, jaioterrira itzuliko den gizona...
Izenburua: «Zu bezain ahul».
Argitaletxea: Elkar.
Orrialde kopurua: 132.
Salneurria: 12,50 euro.