GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Hiru euskal taldeek iazkoa baino lan hobea egin nahian

Kitmar Ordizia, Spyro Bera Bera eta Getxo Artea izango dira datorren asteburutik aurrera maila nagusian arituko diren hiru euskal taldeak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ohorezko Maila asteburu honetan abiatuko da, Estatu espainoleko Liga, alegia, eta bertan hiru euskal talde izango dira, aurreko urteetan bezalaxe. Kitmar Ordizia, Spyro Bera Bera eta Getxo Artea izango dira talde euskaldunak. Estatu frantseseko Liga, aldiz, urriaren azkeneko asteburuan hasiko da, eta mailarik gorenean Biarritz eta Aviron izango dira.

Liga hasiera hontarako ilusioarekin daude hiru taldeak, eta horretarako fitxatzeak ere egin dituzte. Kasu batzuetan joan diren jokalarien lekua betetzeko asmoarekin, eta beste batzuetan, berriz, taldea indartzekoarekin.

Spyro Bera Berak Romanos, Arana, Bell eta Lescoumeres ekarri ditu. Jokalari batzuk, ordea, joan ere egin dira, eta agian nabarmenena Feijooren hutsunea izango da, horrek Ingalaterrako bidea hartu baidu.

Kitmar Ordiziak, oraingoz, sei jokalari berri ekarri ditu, baina oraindik taldea itxi gabe dago, eta litekeena da datozen egunetan gehiago ere etortzea. Braidwood, Choplet, West, Grende, Tarraguer eta Del Rio iritsi dira. Ingeles bat, australiar bat eta Zeelanda Berriko bat daude tartean. Del Rio nafarraren kasuan, berriz, oraindik ez da hasiko jokatzen. Iritsi bezain laister lesio asko izan baititu.

Joan ere, ordea, jokalalari garrantzitsuak joan dira. Astarloa, Mate, Alustiza, Terreros, Amaya eta Puertas ez dira Trevijanon arituko. Hala ere, Oskar Astarloak taldearekin lotuta jarraituko du, berdegunea utzi, eta aulkia hartu baitu, eta Axio Arañarekin batera arituko da taldea gidatzen.

Getxok ere bost jokalari ekarri ditu, oraingoz, behintzat. Horien artean, bi argentinar eta Zeelanda Berriko bat heldu dira. Triviño, Garcia, Alzola, Abate eta Thore dira Fadurara heldu diren jokalariak. Aulkian ere berrikuntza izango da, Asier Basterretxea izango baita taldea zuzenduko duen gizona. Hala ere, ez du lehen aldiz zuzenduko talde horitxoa.

Hobetzea

Hiru euskal talden helburua iazkoa hobetzea izango da, hirurak izan baitzituzten nahi baino larritasun gehiago. Axio Araña da Ordiziako entrenatzailea, eta berak hiru taldeak nola ikusten dituen eman zuen aditzera.

«Gu iazko lana hobetzeko asmoarekin abiatuko gara. Atzerritarrekin ere urrats bat gehiago egin dugu, eta hori izango da asmoa. Hala ere, baja garrantzitsu batzuk ere izan ditugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», esan zuen

«Bera Bera ikusteko eta beren aurka jokatzeko modua izan dut, eta talde ona duela iruditu zait, eta uste dut ongi ibiliko dela aurten. Getxoren asmoa ere geurearen tankerakoa izango da, eta horiek ere iazkoa hobetzen saiatuko dira, geu bezalaxe», adierazi zuen.

Liga hasiera asteburu honetan izango da, eta Getxok eta Bera Berak ez dituzte, ustez behintzat, lehen partida gogorrak izango, igo diren taldeen aurka neurtuko baitira. Bera Bera El Monte Ciencias talde sevillarraren aurka aritu, eta bizkaitarrak, berriz, Alcobendas Madrilgoaren aurka jokatuko du. Biak igo berriak izan arren, lehen ere maila nagusian urte askotan egondakoak dira.

Hasiera zailagoa izango du Kitmar Ordiziak; izan ere, goierritarrak Madilera joan beharko baitute Madrid taldearen aurka jokatzeko. Horiek, iaz bigarren amaitu zuten liga, eta aurten irabazi egin nahi dute. Lehendik ere ekipo ona baldin bazuten, aurten indartu egin dute, eta gauzak zail izango dituzte jokalari gipuzkoarrek.

Bestetik, Liga aurten hilabete beranduago hasiko da, eta horrek arrazoi bat izan du. Iaz geldialdi gehiegi izan ziren. Hala jarraitzea zaila zen bai jokalarientzat, entrenatzaileentzat, eta baita zaleentzat ere, hilabete batean bi partida edo gutxiago jokatuz aritu baitziren. Aurten ere izango dira geldialdiak, baina iaz baino gutxiago, eta hori ona da, nahiz eta oraindik alde hori hobetu beharrean jarraitzen dute.

Fitxatzeak

Ohorezko Mailan arituko diren hiru euskal taldeek fitxatze dezente egin dituzte, taldeak indartzeko asmoarekin. Halere, baja garrantzitsuak ere izan dira, eta horien lekuak ere bete nahi izan dituzte

Hasiera

Liga hasiera samurragoa izango dute Bera Berak eta Getxok, igo berrien aurka hasiko baitira. Gipuzkoarrek El Monte Ciencias izango dute aurrean, eta bizkaitarrek Alcobendas. Kitmar Ordiziak, Madrilen ekin beharko dio

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo