GARA > Idatzia > Pilota

«Aurreneko partidan gogoz atera nintzen, baina presioa igarri nuen»

p046_01_97x144.jpg

Iñaki GOIKOETXEA

Zesta puntako munduko txapelduna

27 urte besterik ez dituen arren, zumaiarrak Buruz Buruko Munduko Zesta-Punta Txapelketa bost aldiz eskuratu du jada. Azken txapela joan den igandean lortu zuen Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, Julen Bereikua bizkaitarra mendean hartu ondoren. Eusko Basqueko pilotariak Milanen egin zuen debuta profesional mailan duela hamaika urte, Ameriketara pilotaz bizitzeko asmoz joan zen urte berean.

Aritz SORZABAL |

Komunikabideetan inoiz baino gehiago irten da azken egunetan, munduko txapelketa bost aldiz irabazi baitu. Hala ere, albisteak onak direnean aurpegia ematea horren nekagarria ez dela esan ostean, Goikoetxeak gustora erantzun zien GARAren galderei. Hala, izotzezko pilotari hau gizakia ere badela jakin genuen, final laurdenetan presioa nabaritu zuela aitortu baitzigun.

Egun batzuk joan dira igandean buruz buruko Munduko Txapelketa bosgarren aldiz irabazi zenuenetik. Egindakoaz jabetzeko astirik izan al duzu?

Hasieran, partida nahiko gogorra izan zenez, ez nintzen gehiegi konturatu egindakoaz. Ondoren, pare bat egunez pentsatu eta gero, txapelduna naizela asimilatzen hasi naiz. Igandean, egia esan, oso ondo lo egin nuen. Final bat delako tentsio handiagoa pairatzen duzula esaten dute, baina nik fase hori atzean utzi dut. Finalak beste partida bat balira bezala hartzen ditut. Ez dut ezer berezirik egiten.

Buruz buruko Munduko txapelketa bost bider irabazi duzu. Zein izan da ilusio handienarekin jantzi duzun txapela ?

Uste dut denak berdinak izan direla. Bai lehenengoa, bai azkena. Ilusio berdinarekin hartu ditut. Irabaztea beti da pozgarria

Igandean garaipena lortu zenuen, baina Lopezek ia irabazi zizun lehenengo egunean. Hori izan al zen partidarik zailena?

Aurreneko partida gogorrena izan zen. Gogoz atera nintzen jokatzera, baina presioa igarri nuen. Lopezek, gainera, partida oso ona egin zuen, eta norgehiagokan sartzea kostatu zitzaidan. Ikuskizuna behintzat eman genuen. Gero, finalerdietan, Landerren kontrako partida zailagoa izango zela espero nuen, baina hasieratik indartsu irten nintzen kantxara. Aldea atera nion berehala eta ez nion aukerarik eman. Finalean, berriz, atzetik hasi nintzen Bereikuaren aurka. Banekien hasierako tantoak gogorrak izango zirela, pilota berriekin berak airez sartzeko parada izango zuelako. Baina jakin ere banekien, partida aurrera joan ahala pilotak bizituko zirenez, gero abantaila izango nuela.

Buruz burukoa amaitu da, baina Binakako Munduko Txapelketa ostiralean hasiko da. 2006. urtean bezala, bi txapelak janztea al da esku artean duzun helburua?

Gotzon Enbilekin batera jokatzen dut, eta ea zer moduz joaten zaigun. Gotzon oso segurua da atzean, egunero ehuneko ehunean erantzungo duela baitakizu. Bereikua-Lopez eta Arriaga-Irastorza bikoteekin jokatzea egokitu zaigu. Ligaxkako bi partida horiek oso gogorrak izango dira, baina ilusioa dut. Dena emateko prest nago.

Munduko Txapelketa amaitu ondoren zer egingo duzu?

Binakakoa hilaren 20an bukatuko da, eta nik Ameriketara itzultzeko hegaldia 30ean dut. Han oso ondo nago. Ohituta nago, hamaika urte baitaramazkit. Badakit hango bizimodua nolakoa den. Euskal Herrira datorren udan itzuliko naiz, uztail hasieran. Herrimina izaten dut, lagunak eta familia faltan baitituzu. Baina han oso pozik bizi gara eta ezin naiz kexatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo