Ezker Abertzaleak Aramaioko bizilagunen hitza errespetatzeko eskatu dio Ibarretxeri
GARA |
Joan den asteburuan Aramaioko herritarren %97 Abiadura Handiko Trena eraikitzearen aurka azaldu ondoren, Ezker Abertzaleak herritarren iritzia «errespetatzeko» eskatu dio Lakuako Jaurlaritzari. Talde parlamentarioak, Aramaion egindako galdeketa «demokratiko eta osasuntsua» izan dela nabarmendu nahi izan du eta AHT proiektuaren kalteak pairatu behar dituzten herriek «ezetza emateko» duten eskubidea aldarrikatu nahi izan du.
Aramaioko herri kontsulta Ibarretxek joan den ostiralean proposatutako kontsultarekin batera gertatu da. Alde horretatik, Ezker Abertzalea taldeak adierazi du bertan lehendakariak «herri kontsultaren apologia» egin duela Estatu espainolari «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren hitza errespetatzea» eskatu diolako. Aldiz, Ibarretxeren proposamenaren zintzotasuna «zalantzan» jarri du, alderdi jeltzaleak Euskal Herrian azken 30 urtean egin diren herri kontsultei «muzin» egin dielako.
«EAJk ez zien jaramon egin Boroako zentral termikoaren inguruan zornotzarrek adierazi zutenari, ezta Gipuzkoan errausketen inguruan egin ziren herri kontsultei ere. Gainera, Garraio eta Herri Laneko sailburu Nuria Lopez de Gereñuk argi eta garbi adierazi du ez dituela kontuan hartuko herriz herri AHTri buruz egiten ari diren herri kontsulten emaitzak», nabarmendu du.
Horregatik, Ezker Abertzaleak Legebiltzarrean galdera bat idatzi dute EAEko lehendakariak erantzu dezan: «Errespetatuko al du Ibarretxek Aramaioarrek AHTren inguruan adierazi dutena, eta horren arabera jokatuko du, edo lehendakari lanetan dabilen azken bederatzi urteotan izan duen jarrera berberarekin jarraituko du, herritarrek herri kontsultaren bidez emandako hitza errespetatu gabe?»
Giza katea Goierrin
Bestalde, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek eta haraneko bizilagunek giza kate erraldoia egingo dute datorren larunbatean. Horiek hala, herritarrek AHTren azpiegiturak eraikitzearen aurkako jarrera azaldu nahi dute. Giza katea arratsaldeko 16.30ean aterako da Idiazabaldik, eta Ormaiztegi, Ataun, Lazkao, Zaldibia, Legorreta eta Ordizia zeharkatu ostean, 18.00etan Beasainera iritsiko da. Bertan ekitaldi nagusia egingo dute, eta bertsolariak, argazki kolektiboa, erakusketa erraldoia, banderolen banaketa, eta musika izanen dira. Gainera, partaideek pintxoak dastatzeko aukera ere izango dute.
Ekimen horrekin, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak «proiektua geldiarazteko indarrak batu» eta harekiko «desadostasuna» aldarrikatu nahi du. Plataformak gogorarazi du Abiadura Handiko Trenak Euskal Herri osoan «kalte ekologiko eta sozial itzelak» eragingo dituela, eta trenak Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Urretxu eta Zumarraga zeharkatuko dituela.
Horretaz guztiaz gain, AHT Gelditu! Elkarlanak nabermendu du azkenean EAE Nafarroarekin lotuko duen «Nafarroako ibilbidea» eraikitzen badute, Goierriko beste hainbat herri kaltetuko lituzkeela.