LAB: «Sarkozyk gizarte-babes sistema osoa deuseztatu nahi du»
Nicolas Sarkozyren gobernua prestatzen ari den erreformak «era globalean» hartu behar direla uste du LABek, «finean helburu garbia baitute: urteetako borrokari esker lortutako gizarte-babes sistema deuseztatzea eta pribatizazioari bide ematea». Neurriok, langileei ez ezik, gizarteari eragingo diotenez, «borrokatzera eta mobilizatzera» deitu du.
Arantxa MANTEROLA |
Izan aparteko lanorduak, erretiroaren erreforma, etorkinei edo langabeei zuzenduriko kontrolak edota irakaskuntzako lanpostuen murrizketa, Nicolas Sarkozyren gobernuaren neurri horiek guztiek azken helburu bat dute LAB sindikatuaren ustez: elkartasunean oinarritutako gizarte-babes sistema osoak gainbehera egitea eta eredu liberala nagusitzea.
Lontzi Amado-Borthayre-k eta Geronimo Prietok adierazi zuten atzo Baionan, egungo Lehen ministro François Fillonek orain bi urte hasitako erreformaren haritik doazela neurri horiek guztiak; bai eta datozen aste eta hilabeteetan berrikusiko direnak ere: jaieguneko lana, lankontratuak, langabezia, sindikatuen ordezkaritza...
Honetaz gain, aldaketak nolabait «irentsarazteko» sekulako borroka ideologikoa eragin dutela gaineratu zuten. «Gizarte segurantzan edota elkartasunean oinarritutako beste gizarte-babes kutxetako zorra edo defizitaren erantzukizuna langileen gain jartzen ari dira. Ez dute esaten zulo horiek urtetan eramandako politika neoliberalaren ondorio direla. Ez dute esaten ugazabei dagozkien kotizazioek behera egin dutela; ezta horrek diru-sarrerak gutxitu egin dituela ere; ez dute sekulan hitz egiten, esaterako, Defentsarako aurrekontuen defizitaz. Hitz batean, langilea errudun sentiaraztea da helburua» nabarmendu zuen Amado-Borthayre-k.
Erretiro sistema bereziak ezabatzean ere mezu maltzurra erabiltzen dutela azaldu zuen Prietok: «EDFk edota SNCFko funtzionarioek pribilegio edo eskubide gehiago dituztela eta langile guztiei ordaintzen dietela saldu nahi dute, baina egiaz, ez dituzte elementu guztiak mahaigaineratzen. Estatuak hainbat laguntza eta neurriak ematen dizkio sektore pribatuari, funtzionarioek ukan ezin dituztenak. Desoreka nagusia demografiaren kurbak eragindakoa dela ezkutatzen dute».
Sindikatu abertzalearen bi ordezkarien ustez, «prekarietate gorrian» dagoen jendea da lege berrien «lehen biktima». «Etorkinak -batzuek bere buruaz beste egiteraino bultzatuak- eta langabeak dira kontrol neurrien ondorioak pairatzen ari direnak», salatu zuten.
Une hauetan indarrean jarri den aparteko lanorduen gaiaren harira, «gehiago irabazteko luzaroago lan egin» Sarkozyren lelo famatuaren atzean «gezurra» dagoela uste dute bi sindikalistek: «Hasteko, langile guztiek ez dute aukera hori. Ugazaba da aparteko orduak nork eta noiz egingo dituen erabakitzen duena. Horrez gain, ABLEetako langileak edo 35 ordu baino gutxiagoko lanasteko kontratua dutenek ezin dituzte tarifa berriak baliatu; lehenek ezin dituztelako aparteko orduak egin eta bigarrenek, 35 ordu bete arte ez zaizkielako aparteko orduen ezaugarria onartzen». Edonola ere, LABeko ordezkarien ustez, langileari begira baino ugazaben onurarako ezarritako legea da.
Lehenik eta behin, premiazko hainbat neurri jarri beharko lirateke abian sindikatuaren aburuz. Horien artean, ugazabek duela 30 urte kotizatzen zuten mailara itzultzea edota 35 urte eta erdi kotizatu dutenek erretiro osoa izatea.
Zerbitzuen lekualdaketa
Bestalde, Gobernua prestatzen ari den zenbait zerbitzu publikoren egoitza edo ordezkaritzen (epaitegia, Gizarte Segurantza, lan auzitegia...) lekualdaketek ez dietela Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren beharrei erantzuten salatu du LABek.
«Pauera edo Bordelera eramateak gure lurraldeen berezitasuna ukatu eta garapena eragozten du. Berriro ere, Paris eta Pauen zentralismo `jakobino'aren esku geratzen gara» esan zuen Borthayre-k.
«Euskal Herriaren eraikuntzarako ezinbestekoa den zerbitzu publikoaren sarea desagerraraziz» lurraldearen garapena oztopatu eta «herrian bertan lan egiteko eta erabakitzeko aldarrikapena eta nahia zapuzten» dela gaineratu nahi izan zuen LAB sindikatukoak.
Urtetan borrokari esker lortutako aurrerapenak defendatzeko deia zuzendu die LABek langileei eta, oro har, gizarte osoari, «guztioi eragingo baitigu». Hasteko, urriaren 18an SNCFko langileen greba babestuko du.