Julen MURGOITIO
386 falta 155erako, demonio!
Demokrazia? Non da horren grazia? Demonio! Pikutara, demontre! Ez al zaizu inoiz gertatu bakearen izenean bonba atomikoa helburu militarrez erabiltzearen aldeko gogoa barneratzen zaizula eta gogo hori behar bihurtuta segituan hasten zarela eskua mahai gainean arin batean mugitzen, sakatzeko botoi gorriaren bila? Niri bai, sarri. Eta pentsatzera heldu naiz bonba ato- mikoa ezinbestekoa dela demokrazia behingoz lortzeko lurtarren lurrean. Tira, egia esan, ez dakit zertara etorri zaidan gogoeta hau, noiz eta gaur gainera, datorren urteko urriaren hogeita bosterako hirurehun eta laurogeita sei egun geratzen diren honetan. Bai, aste bat gutxiago geratzen da beheko Estatuak bere Konstituzioaren ehun eta berrogeita hamabosgarren artikulu zer hori indarrean jarri diezagun. Egia esan, sekula ez naiz testu horren zortzigarren artikulutik pasatu, orain denbora asko, urakan bat medio, ozeano erdiko uharte txiki batean, eta testu hori besterik ez nuela, lau urte bakardade osoan egin behar izan nuenean ere ez. Are gehiago, nire gorputz beharretarako ere ez nuen erabili; inoiz ez dut neure jokaera horren zergatia jakin, baina uste dut letra-tamainaren kontua dela, nire begientzat lar txikerra. Total, zortzigarrenetik pasatu ez. Kontuak atera ehun eta berrogeita hamabosgarrenak zer dakarren! Uharte-aldi hartan burua bueltaka zebilkidan, gauez batez ere, hondartza bazterreko kokondo baten azpian, iguana handi bat lagun, burua berotzen nuela: indisoluble? Zer demontre adierazi nahi zuen hitz demonio hark! Disolbaezina? Zelan izan liteke horrelakorik, galdetzen nion gorputzaren goiko partean nuen neure buruari, ozeanoan ura sobera egonda eta ura disolbatzaile unibertsala izanda? Sodio nitratoa eterretan disolbaezina dela esaten badidate, tira!, sinistu egiten dut, fededuna ez banaiz ere, baina zelan demontre kosta duen estatu bat disolbaezina izan? Katekesi garaiko abade lodikotearen kontakizuna zetorkidan burura behin eta berriz, Lizartzoma eta Segurorra atzean utzi eta atzera begiratzeagatik gatzezko estatua bihurtu zen andre harena; estatua zen, bai, baina ez zuen lau orduko zirimiria agoantatu, eta disolbatu egin zen aitaren batean, azukre koskorra Kolonbiako kafean bezain arin. Disolbaezina? Oraingo gazteek diotenez, kutxa ebakitzen zait!