GARA > Idatzia > Kultura

«Handitan zer izan nahi duzu?» galdera da «Handitan»en ardatza

Aizpea Goenagak idatzi eta zuzendutako azken lana da «Handitan», hain zuzen, gaur bertan Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dutena. Familia osoa bilduta ikus daitekeen antzezlana da, eta «handitan zer izango» jolasten diren hiru gaztetxo dira protagonistak.

p057_f01_148x100.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Glu Glu-ren azken lanak, «Handitan»ek alegia, haur guztiek behin baino gehiagotan erantzun behar izan duten galdera du ardatz: «Handitan zer izan nahi duzu?».

Hiru aktore dira antzezle lana egiten dutenak Aizpea Goenagak zuzendu eta idatzi duen lan honetan; Larraitz Garcia, Urtza Zuazo eta Libe Aranburu, hain zuzen. Antzezlan koloretsua dela nabarmendu zuen egileak, eta bertan hizpide «jolasa» bada ere, umorea, bertsoek, musikak, abestiek eta ipuinek ere badute beren txokoa. Goenagaren ustez «ikuskizun borobila» da, are gehiago, «bonboitxo» bat dela ere esan daitekela gaineratu zuen egileak.

Familiei begira

Gehienbat familiei begirakoa den eta ordu bete inguru irauten duen antzezlana, gaur bertan eskainiko dute Elgoibarko Herriko Antzokian 16.30tatik aurrera. «Txikiak familiarekin joaten direnez, helduentzat ere badela esan daiteke», azaldu zuen Goenagak.

«Handitan» jolas moduan planteatuta dagoela esan zuen zuzendariak. «Neska -mutilek hain gogoko duten jokoan, handitan zer izango direnaren jokoan, eta helduen mundua beren ikuspegitik jorratzearen jokoan», gaineratu zuen.

Antzezlanaren protagonistak hiru dira; izen bitxiak dituzte gainera: Bernado Eguzki, Maitena Haizea eta Katixa Elur. «Izen bitxiak dauzkate hirurek, izaera ere nahiko berezia dutelako» agertu zuen. Izan ere, pertsonaia hauek guztiak ez dira ez umeak, ezta helduak ere. «Heldua izatean zer izan nahi duzun ez badakizu, ezin zara handia izan eta helduekin ere aplika daiteke gauza bera: nahi duzuna izan zaitezke, baina jolasten ez baduzu jai duzu», adierazi zuen Goenagak.

Horiek hala, Elgoibarko Herriko Antzokian izango ditugu gaur arratsaldean, Bernardo (astronauta, mediku edo suhiltzaile izan nahi duen «odol beroa»), Maitene (heltzean ipuinak kontatu nahi dituen ameslaria) eta Katixa (etorkizunean zer izan nahi duen behin eta berriz ahazten duena).

Guztia Jonmari Beasainek, Pello Gorrotxategik eta Zigor Sagarnak egindako musika, eta Xabier Paiak idatzitako abestien laguntzaz, hain zuzen, lanari «erritmoa» ematen diotenak.

Aizpea Goenaga egileak, bestalde, taula gainean dituzten eta Edi Naudok egindako «luxuzko» apaingarriak ere aipatu zituen; hauek ikusita «umeak agertokira igotzera ere animatzen dira» esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo